Musika
Uztailak 13-31
Abian da Urmuga mendi ibilaldi musikatua
N. V. | EITB Media
Jaialdi honek hemeretzi mendi ibilaldi eta hamahiru kontzertu eskainiko ditu Tologorritik Hiru Erregeen Mahaira: Niko Etxart, Xendarineko Ahizpak, Ruper Ordorika, Anari, Chill Mafia…
Gaur abiatu da Urmuga, tontorrik tontor Euskal Herria mendebaldetik ekialdera lotuko duen jaialdia, uztailaren 31ra arte. Hemeretzi egunez, beste hainbeste mendi ibilaldi eta hamahiru kontzertu eskainiko ditu ekimen honek, Tologorritik Hiru Erregeen Mahaira.
Lau eta hamaika ordu bitarteko mendi bueltak prestatu dituzte antolatzaileek mendizaleentzat, eta bide horretan formatu handiko bederatzi kontzertu (sarrerak, 20 euroan) eta formatu txikiko lau (sarrerak, 15 euroan) izango dira.
Kontzertuetan, Et Incarnatus orkestrako hamabost bat musikari izango dira gailur, muino eta herrietan, eta horiekin batera arituko dira, esaterako, Donostiako Orfeoia, Mixel Etxekopar, Olatz Salvador, Dupla, Niko Etxart, Alos Quartet, Maider Zabalegi, Nerea eta Gorka Urbizu, Anari, Josu Zabala, Idoia Asurmendi, Ruper Ordorika, Chill Mafia, Mikel Urdangarin, Amorante eta Nøgen.
Hilaren 13an Tologorrin (15:00) Donostiako Orfeoia, Mixel Etxekopar, Noemi Viana dantzaria eta François Rose arituko dira; 15ean Abadiñon (18:00) Olatz Salvador, Maddi Oihenart, Niko Etxart eta Dupla; 16an Diman (18:00), Maider Zabalegi eta Urbil Artola, Ekiza, Nøgen, Juantxo Arakama, Xabier Leturia eta Eneko Dorronsoro; 17an Aramaion (13:30) Eñaut Zubizarreta txelo-jotzailea, Julio Soto eta beste hainbat bertsolari; 18an Urbian (13:00) Alos Quartet eta Oñatin (18:00) Maider Zabalegi, Alex Sardui, Petti eta Ekiza.
Programazioak uztailaren 19an jarraituko du Zegaman (18:00). Han egongo dira Nerea eta Gorka Urbizu, Mattin Lerisa eta Zegamako abesbatzak; 21ean Aizpearron (18:00) Anari, Josu Zabala, Miren Narbaiza, Maialen Lujanbio, Eli Pagola, Donostiako Orfeoia, Idoia Asurmendi eta Baigorriko Gaiteroak; 23an Andoainen (18:00) Aitor Mendiluze, Mikel Moreno, Xendarineko Ahizpak, Idoia Asurmendi, Niko Etxart eta Juantxo Arakama; 25ean Baigorrin (19:00) Tenpora, Ruper Ordorika, Chill Mafia, Donostiako Orfeoia, Gorka Benitez Quartet, Miren Narbaiza, Alex Sardui eta Baigorriko Gaiteroak; 27an Salbatore baselizan (17:00) Gorka Benitez Trio; eta 28an Larrainen (18:00) Mikel Urdangarin, Xiberoots, Ningra eta Haizea eta Amorante.
Programazioa bukatzeko, uztailaren 29an Erremendian Chill Mafia, Mikel Urdangarin, Leturiatarrak, Nøgen eta Donostiako Orfeoia eta Baigorriko Gaiteroak izango dira; lehenago, 12:30ean, Orfeoiak Orhi mendian joko du; eta Orfeoiak berak itxiko du jaialdia hilaren 30ean, Otsagi-Muskildako baselizan.
Sarrerak salgai daude Urmuga jaialdiaren webgunean.