Itxi

Musika

Abuztuak 1

Doako sei kontzertu, 82. Musika Hamabostaldia abiatzeko

N. V. | EITB Media

Abuztuaren 1ean, igandearekin, Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak Kursaaleko entzunaretoa irekiko du eta Organo Zikloa ere hasiko da.

  • Kup Taldea

    Kup Taldeak seietan joko du Kursaalen

Doako sei kontzertuk irekiko dute igandean, Donostiako hainbat tokitan, 82. Musika Hamabostaldia, eta egun horretantxe hasiko da Organo Zikloa eta Kursaal entzunaretoko programazioa, azken hori Luxenburgoko Orkestra Filmarmonikoaren eskutik, Gustavo Gimenoren zuzendaritzapean.

Eguerdian, Iagoba Fanlo biolontxelistak eta Maria Jose Barandiaran pianistak kontzertua eskainiko dute Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan, eta Kup Taldeak beste horrenbeste egingo du, Kursaaleko foyerrean.

Lehenengoek "Euskal kantetarako sonata" Beltran Pagolak 1919an idatzitako pieza interpretatuko dute, besteak beste, eta Kup Taldeak Brittenen lanak hartuko ditu ahotan, Sarasola, Eguiguren eta Arambururen lanekin batera.

San Bizente elizara eta Aita Karmeldarren elizara ere iritsiko dira emanaldiak, baita Miramar Jauregira ere. Hain zuzen ere, arratsaldeko zortzietan Itsas Urradurak kontzertua eskainiko dute bertan: Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak Kostaldeko Donejakue Bideari lotutako kantuak interpretatuko dituzte.

Lehenago, 17:30ean, Aita Karmeldarren elizan Suhar Koruak kantatuko du, eta seietan, berriz ere Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan, Ignazio Ansorena txistulariak eta Joserra Senperena pianistak Euskal Danbolinaren Aroak kontzertua eskainiko dute.  

19:30ean, San Bizente elizan, Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren ahotsak entzun ahalko dira, Basilio Astulez eta Aitor Biainen zuzendaritzapean.