Itxi

Musika

''Azkena gure alde''

Agur, Hertzainak!

Natxo Velez | EITB Media

Gasteiztar talde mitikoak gaur eskainiko du Barakaldon, BECen, "Azkena gure alde!" publikoari agur esateko bira txikiaren lehenengo kontzertua.

0:44
Hertzainak

1981eko Urtezahar egunean jo zuen lehen akordea jendaurrean Hertzainak taldeak, eta aurki joko du azkena: urtarrilaren 6an, Gasteizen, Mendizabalan paratuko duten karpa batean. Egun horretan eskainiko du taldeak "Azkena gure alde!" agur bira laburreko eta bere ibilbideko azken kontzertua, dena hasi zen hirian bertan.

Lehenago, gaur-biharretan, baina, BECen (eta ostiralean, ETB2n eta eitb.eus-en ere, zuzenean) ikusi ahalko dugu taldea zita bikoitzean, hilaren 16 eta 17an, agertokian direla Josu Zabala taldearen sortzaile eta konposatzaile nagusia, Luis Javier Saiz Txanpi hastapenetik danborrak astindu zituen bateria-jotzailea eta Gari, Iñaki Garitaonaindia, 1983an Xabier Montoia jatorrizko abeslariaren tokia hartu zuenetik 1993an utzi zutenera arte eta gerora taldearen izaeraren zutabe handia izan dena.

Bi kontzertu horien artekoak ez dira artikulu batean sartzen. Taldeak estudioko bost disko luze eta hainbat EP eta single grabatu zituen 1993an desegin aurretik. The Clashen eragina erakusten zuen punk soinutik eta skatik, rockera eta popera egin zuten beren kantuek, eta euskal musikaren historian toki nabarmena zuten aleak utzi zituen: "Ta zer ez da berdin", "Pakean utzi arte", "Hil ezazu aita", "564"… Euskal popa eta rocka ez ziratekeen berdin izango Hertzainak gabe.

"Aitormena" da, agian, nolanahi den, Hertzainaken memoria baldintzatu duen kantua, onerako edo txarrerako. Maxi single batean argitaratu zuten lehenengoz, 1989an, bi bertsiotan: pop rock formatu klasikoan, baxu, gitarra eta bateriak lagunduta, eta Bingen Mendizabalek hari laukotearentzat egindako moldaketa.

1992an, nekea zen nagusi taldekideengan, eta taldearen ibilbidea amaitutzat ematea erabaki zuten. "Euskal merkatuaren txikitasuna eta kanpora ateratzeko zailtasunak" aipatu zituzten arrazoi gisa, eta Josu Zabala taldearen konpositore nagusiaren ahotan "gurea gora egiterik ez izatera kondenaturik dagoen istorioa da".

1993ko urtarrilaren 24an eman zuen "lehenengo azken kontzertua" Hertzainakek. 25 urte geroago, 2018an, ere berpiztu zuten taldea Josu Zabalak eta Garik, Euskalduna jauregian eta Kafe Antzokian bi kontzertu emateko.

Hertzainaken "91.01.19" kontzertu osoa

Orain, BECen eta Gasteizen, "hirugarren eta atzen azken kontzertuak" emango ditu taldeak, sortu zuteneko 40. urteurrenean. Euskal herri musikaren historian toki nabarmena dute, herritarren maitasuna jaso dute bueltan, eta ia 50.000 lagun batuko dituzte hiru kontzertutan, sortu eta lau hamarkadatara. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, "gora egiterik ez izatera kondenaturik" ei zegoen taldearentzat.

Dantzan bukatzea baino amaiera hoberik ez da.