Itxi

Musika

Abuztuak 1-30

Musika Hamabostaldiak prest du musika eskaintza, "entzuteko eta gozatzeko"

N. V. | EITB Media

Maiatzaren 21ean jarriko dituzte salgai aurtengo edizioko, 85. Musika Hamabostaldiko, sarrerak.

  • Kursaaleko zikloa Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak abiatuko du. Argazkia: Johann Sebastian Hänel.

    Kursaaleko zikloa Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak abiatuko du. Argazkia: Johann Sebastian Hänel.

Musika Hamabostaldia zita ezinbestekoa da dagoeneko Donostiako abuztuetarako. Aurten, abuztuaren 1etik 30era egingo dute musika jaialdiaren 85. edizioa, hiriko hainbat aretotan, baita Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko hainbat herritan ere.

Musika erregaitzat hartuta, "bidaia eta exotismoa" aldarrikatuko du jaialdiak aurten; eta ildo horrekin programatu ditu Carmen Bizeten opera (ekoizpen propioa da), Saint-Saënsen Kontzertu egipziarra eta, esate baterako, Arantzazun izango den emanaldia; azken horretan, Abraham Cupeiro musikari galiziarra Eñaut Elorrieta, Oreka TX eta Agus Barandiaran elkarlanean arituko dira aurrenekoz.

Gainera, Shostakovitxekin kosakoen herrialdera joango da entzulearen gogoa, "Prokofievekin desagertzear den Europa ekialdeko juduen mundura, Ravelekin mila eta bat gaueko ekialdera edo Stravisnkyrekin Errusiako mugakide diren bazter magikoetara. Hainbat bidaiariren abenturak ezagutuko ditugu, tartean Egeria galaikoarenak, Genovako Marco Polorenak edo Krystof Harant konpositore, idazle eta matxino txekiarrarenak", Hamabostalditik azaldu dutenez.

Musika koralak ere toki nabarmena du Hamabostaldiko programazioan. Aurten, bertoko abesbatzekin batera, Bach Collegium Japan eta Cappella Mariana taldeak izango dira, besteak beste.

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoarekin, Filarmonica della Scala de Milanekin, Budapest Festival Orchestrarekin eta Frantziako Irrati Orkestra Filmarmonikoarekin batera, puntako zuzendari eta bakarlariak arituko dira abuztuko kontzertuetan, hala nola Gustavo Gimeno zuzendaria, Bruce Liu pianista, Riccardo Chailly zuzendaria, Patricia Kopatchinskaja biolinista, Sol Gabetta biolontxelista eta Alexandra Dovgan pianista gaztea.

Bestalde, aurtengo edizioak hamar hitzordu baino gehiago izango ditu dantzarekin: Compagnie Käfig, Compañía de Flamenco… Inaugurazio egunean, Kresala Dantza Taldeak Eduardo Chillidaren omenezko muntaia bat, Hiru, estreinatuko du Haizearen Orrazian.

Chillida ez ezik, Nestor Basterretxea ere hartuko dute gogoan Hamabostaldian, bion jaiotzaren urteurrenean, Hondarribian, organo eta akordeoi kontzertu batean.

EITBren laguntza duen jaialdiko kontzertuetarako sarrerak maiatzaren 21ean jarriko dituzte salgai, 11:30ean, webgunean.

Kontsultatu Musika Hamabostaldiko egitarau osoa.