kultura
Heriotza
Euskaltzaindiak agur esan dio Jean Haritschelharri, Baionan
Erredakzioa
Euskaltzalearen aldeko hileta Baigorriko Saint-Etienne elizan egingo dute, asteazken arratsaldean, 16:00etan.
Euskaltzaindiak Jean Haritschelhar agurtu du eguerdian Baionan (Lapurdi). Euskaltzain eta euskaltzainburu ohi zenaren hil kapera goizean zabaldu dute, eta asko izan dira bertaratu diren pertsonak: anonimoak asko, baina euskalgintzarekin eta politikarekin lotutakoak ere bai. Euskararen alde egindako lana goraipatu dute guztiek, baita haren gizatasuna ere.
Politika eta kultura munduko hainbat pertsona izan dira azken agurra ematen. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea eta Miren Azkarate sailburu ohia hil-kaperan izan dira eta baita Pello Salaburu eta Patxi Goenaga euskaltzainak ere. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere hil-kaperan izan da eta Jokin Apalategi eta Maite Idirin abeslaria ere.
Baztarrikaren hitzetan ''galera izugarria'' izan da Haritschelharren heriotza. ''Zintzotasuna, buruzagitza eta estiloa dira Haritschelhar definitzeko erabili ohi ditudan hitzak, giza kalitateari dagokionez zintzotasunaren irudia baitzen'', gaineratu du.
Garitanok esan duenez, "ezusteko" heriotza izan da, inork ez baitzuen "hain amaiera arina" espero. Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez pertsona "garrantsitsua" izan zen, ez bakarrik Euskaltzaindiarentzat, "herri guztirako" baizik, instituzioan "eginkizun oso garrantzitsua" egin zuen arren, "hizkuntzaren etorkizunerako erabakigarria". Bere aldetik, Miren Azkaratek esan du inor ez dela "ordezkaezina", baina batzuk beste batzuk baino gehiago direla. "Haritschelharrek uzten duen hutsunea betetzeko jende askok lan egin beharko du Iparralden, eta Euskaltzaindian zer esanik ez", adierazi du.
Euskaltzalea atzo zendu zen, 90 urte zituela, duela 15 egun atzeman zioten gaixotasun larri batek jota. Biarritzen ospitaleratuta zegoen. Hileta Baigorriko Saint-Etienne elizan egingo dute, asteazken arratsaldean, 16:00etan.
Euskararen aldeko lan nekaezina
Haritschelhar Angelun bizi zen, baina Baigorrikoa zen. Haritschelhar Euskaltzaindiko presidentea izan zen 16 urtez, 2004. urtea arte hain zuzen ere. Aldez aurretik, presidenteorde izan zen, 24 urtez.
Euskaltzainak euskararen aldeko lan nekaezina egin du beti. Herria aldizkariko kolaboratzailea, Baionako Euskal Museoaren zuzendari eta Baigorriko alkate ere izan zen.