kultura
Sagaren zinemako bertsioa
Dakota Johnson eta Charlie Hunnam, '50 Shades of Grey' filmean
Erredakzioa
Don Johnson eta Melanie Griffith aktoreen alaba eta Charlie Hunnam (Pacific Rim) izango dira nazioarteko azken literatur arrakasta handiaren protagonistak zinema pantailara eramateko arduradunak.
-
Charlie Hunnam, 'Pacific Rim' pelikualren aurkezpenean. Argazkia: Efe.
Zurrumurruak, kinielak, susmoak, usteak... bukatu egin dira: iragarri dute, azkenean, zer aktore izango diren zinemarako egokitzapenean '50 Shades of Grey' literatur sagako protagonistak. Ezagun da dagoeneko E. L. James britainiar idazlearen trilogia erotikoko pertsonaia nagusiek zein aurpegi izango dituzten zinema ikusleen begietara.
Hain zuzen ere, Anastasia Steele, mundu osoan 31 milioi pertsonak irakurri duten istorioan Christian Greyrekin liluratuta agertzen den ikaslea, Dakota Johnson 23 urteko aktorea izango da. Don Johnson eta Melanie Griffith aktoreen alaba da Dakota Johnson aktore eta modeloa, Tippi Hedren aktorearen (Txoriak) biloba ere, hartara, eta Sare Soziala eta 21 Jump Street filmetan agertu da orain arte, paper laburretan.
Bestalde, Christian Grey bera Charlie Hunnam 33 urteko aktore britainiarra izango da. 'Sons of Anarchy' motor gidarien klub batean girotutako telesail arrakastatsuan eta Benicio del Tororen azken pelikulan (Pacific Rim) agertuta hartu du sona aktoreak.
Aktore zerrenda Focus Features ekoiztetxe eta banatzaileak eta Universal Picturesek baieztatu dute, eta abuztuan estreinatuko dute Sam Taylor-Johnsonek zuzenduko duen lana.