Itxi

kultura

Donostia 2016

Itziar Nogerasek karguan jarraituko ez duela esan dio Izagirreri

Natxo Velez | eitb.com

Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendariak kargua behin betiko uzteko erabakia jakinarazi dio Juan Karlos Izagirre alkateari.

1:04

Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari orokorra Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin bildu da gaur eguerdian, eta bere kargua behin betiko uzteko erabakia jakinarazi dio solasaldian.

Egoera aztertu eta hartu beharreko erabakiak hartzeko, Patronatuak ezohiko bilera egingo du ostiralean, 12:30ean.

Gaur arte, Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko proiektuaren buruan zegoen Nogeras, eta atzo Patronatuaren esku utzi zuen kargua. Kudeaketa taldeak 24 orduz erabaki horren gainean hausnarketa egiteko eskatu zion.

Epe hori bukatu aurretik, baina, Nogerasek dimisioa eman du, alkatearekiko batzarrean. Zeregin horretan jarraitu ezin zuela iritzita udalbatzako alderdi guztiek aho batez kargutik kentzeko asmoa agertu eta gero etorri da iragarpena.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, erakundeek "Donostia 2016 proiektua sendotzeko hautua" egin dutela adierazi du gaur goizean, kazetarien aurrean.

Halaber, Espainiako Hezkuntza Kultura eta Kirol Ministerioak Donostia 2016 egitasmoaren "profesionaltasunik eta zintzotasunik eza" kritikatu du, ohar batean.

"Proiektu honetan sinisten dugunok, badakigu denon artean aurrera ateratzeko gai izango garela", erantsi du alkateak ohar labur batean.

2016 Fundaziotik jakitera eman dutenez, Itziar Nogerasek prentsaurrekoa emango du ostegunean, 11:00etan.