Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

kultura

EAE-ko liburutegi publikoak

Liburu digitalak udatik aurrera hartu ahalko dira maileguan, 'on line'

Erredakzioa

Editoreekin hitzartuta, mailegu kopuruan oinarritutako lizentzia ezarriko zaie liburuei EAEn, Estatuan lehenengoz. Irakurzaletasuna bultzatu eta pirateriaren aurreko bide bat eskaintzea da helburua.

  • Irudirik gabe

    Irudirik gabe

Liburu digitalak "on line" maileguan hartzeko aukera gero eta hurbilago dago Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean. Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak Euskadiko editoreekin gaur goizean sinatu duen hitzarmenari esker, udal liburutegien sareko bazkideek uda honetan eskuragarri izango dute liburu digitalez osatutako katalogo zabala, maileguan hartu ahal izateko.

Estatuan lehen aldiz, erabileraren araberako ordainketan oinarritutako lizentzia bat ezarri dute gaur sinatutako idatzian. Eusko Jaurlaritzak erositako lizentzia bakoitzeko, liburua 20 aldiz eman ahal izango da maileguan, eta lizentziak ez du amaiera-eperik izango.

Hiru hilabete barru, beraz, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko erabiltzaileak Liburuklik atarian euren pasahitzarekin sartu beharko dira, eta bertan aurkituko duten katalogoan eskaintzen diren liburu digitalak maileguan eskuratu ahal izango dituzte.

Bazkide bakoitzak liburu bakarra eduki ahal izango du mailegatuta, gehienez ere 21 egunerako. Eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri izango den mailegu zerbitzu hau bi motatakoa izango da.

Bi mailegu mota

Batetik, deskargatzeko aukera egongo da. Erabiltzaileak aukeratutako liburu digitala bere gailura (PCa, ordenagailu eramangarria, tableta, smartphone-a edo liburu elektronikoa) jaitsiko du, eta 21 egun izango ditu irakurtzeko. Artxiboa babestuta egongo da, eta ezingo da ez kopiarik egin ez beste inori bidali.

Bestetik streamingez irakurri ahalko da. Liburuklik webgunean aukeratutako liburua irakurtzeko aukera ematen du, 21 egunez, baina ezin da liburua deskargatu. Ondorioz, gailu guztietan irakur daiteke, liburu elektronikoan izan ezik. Aukeratutako irakurgaia Sarean eskegita egongo da, eta erabiltzaileak bertara jo behar du hura irakurtzeko. Internetera konektatu egon behar da, honenbestez.

Sistema hiru hilen buruan, uztailerako, erabilgarri egotea espero dute.

Editoreekiko akordioa

Eusko Jaurlaritzak eta editoreek sinatutako hitzarmenak ezartzen duenez, eskuratutako lizentziako ezingo dira 20 mailegu baino gehiago egin. Mailegu kopuru hori gainditzean, Jaurlaritzak lizentzia berria erosi beharko du (liburu digitala erostea), eta berriro ere maileguan eskaini ahal izango da, erabilera kopuru berbera izan arte. Liburu digitala erostean, une horretan merkatuan duen prezioa ordainduko da (liburutegietarako liburuentzat araudiak jasotzen duen % 15eko beherapena ezarriko zaio).

Liburuzainek osatutako batzorde batek hautatuko du zein liburu digital erosiko diren, eurak baitira liburutegietako erabiltzaileengandik hurbilen daudenak eta haien zaletasunak ondoen ezagutzen dituztenak. Era honetan, edukien pirateriaren aurrean alternatiba ere izan nahi du, irakurleak doakoa baina legezkoa den tresna honetara erakarrita.

Akordioa martxan jartzeko, Eusko Jaurlaritzak 2014an 25.000 lizentzia inguru eskaini nahi ditu, 500.000 mailegu bideratzeko beste. Horietatik 8.750 euskarazko lizentziak izango dira, eta 16.250 gaztelaniazkoak