Itxi

kultura

Izendapena

Pablo Berastegui izango da Donostia 2016 patronatuaren zuzendaria

Erredakzioa

Berastegui Madrilgo Matadero zentro kulturaleko zuzendaria izan zen.

  • Pablo Berastegui

    Pablo Berastegui. Argazkia: Sylvain

Donostia 2016ko patronatuak Pablo Berastegui zuzendari orokor izendatzea erabaki du aho batez, ostiral honetan. Berastegi produktore kulturala eta Madrilgo Matadero zentroko koordinatzaile nagusia izan da.

Fundazioko Patronatua osatzen duten kideek Berastegui (Iruña. 1968) aho batez aukeratu dute Kulturarako Europako Hiriburuaren proiektuko zuzendaritzarako, Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kultura Ministerioa ordezkatuz.

Hautagaiak “proiektuarekiko, hiriarekiko eta lurraldearekiko duen sentsibilitateagatik eta enpatiagatik” aukeratu du patronatuak, baita “zuzendaritzarako eta komunikaziorako dituen abilezia nabarmenagatik”, Europako kultur hiriburuengatik duen ezagutza handiagatik eta Donostia 2016 proiektuaren ikuspegi garbiagatik”. “Konpromisoa azaltzen du proiektuaren balioekiko, hau da, kulturarekiko, partaidetzarekiko, bakearekiko eta elkarbizitzarekiko”.

Duela bost hilabete dimititu zuen Itziar Nogerasen lekua hartuko du zuzendari berriak. Bitarte honetan Xabier Paya izan da behin-behineko zuzendaritza teknikoaren buru.

Aurkezpen publikoa, datorren asteartean

Patronatuak ohar batean esan duenez, “erabakigarria” izan da aukeraketarako kultur eta sormen-esparruetan egin duen ibilbide profesionala, baita nazioartean izandakoa ere.

Irakur daitekeenaren arabera, aintzat hartu du aurkeztutako hautagai zerrenda (42 lagun), baita finalistak izan diren hiru hautagaitzen maila altua ere.

Datorren asteartean egingo da aurkezpen publikoa Donostia 2016 gunean.