Itxi

kultura

Europako kultur hiriburu

Jarraipen Batzordeak esan du Donostia 2016 bide onetik doala

Erredakzioa

Garrantzia kendu dio zuzendari nagusia oraindik izendatu ez izanari, eta behin betiko programazioa abenduan prest egotea espero duela adierazi du.

Europako Hiriburutzen Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak esan du Donostia 2016 "bide onetik" doala. Batzorde horretako ordezkariak "ziur" agertu dira datozen sei hilabeteetan proiektu gehienak definituta egongo direla, eta abendua baino lehen behin betiko programazioa finkatuta egongo dela. Bestalde, Batzordeak garrantzia kendu dio zuzendari orokorra oraindik izendatu ez izanari.

Hain zuzen ere, Steven Green eta Ulrich Fuchs Batzordeko bi ordezkariak Donostiara egin dute bidaia, Europako Batzordeko Gloria Lorenzorekin batera, eta bilerak egin dituzte hainbat eragilerekin. Ondoren, prentsaurrekoa eskaini dute, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta Donostia 2016 Fundazioko presidentearekin batera.

Agerraldi horretan, Greenek esan du proiektuarekiko "gogo bizia" ikusi duela, eta erakundeen aldetik "konpromiso handia".

Alkatearen kudeaketak piztutako kritiken inguruan galdetuta, Batzordeko ordezkariak esan du "arriskutsua" izan daitekeela kritika horiek "etengabeak eta arrazoirik gabeak" baldin badira, horrek "hiriaren izen onari kalte egingo liokeelako". Kritika horiek joko politikoarekin lotu ditu, eta proiektuak "finantzaketa mailan konpromisoa" duela azpimarratu du.

"Kultur hiriburu izan diren hiri guztiek izan dituzte krisi uneak faseren batean", gaineratu du.

Aholkuak

Greenek azaldu duenez, "hainbat aholku eta bitarteko" eskaini dizkiote Donostiari, ohikoa denez. Halaber, horren arabera, Gabonen aurretik gertatuko denak mugatuko ditu neurri handi batean 2016ko proiektuak, eta, beraz, egitasmoa oso une garrantzitsuan dagoela nabarmendu du.

"Zuzendaritza taldeak elkarrizketa zuzena izan beharko du bere aliatuekin", adierazi du. "Programazioaren zatirik handiena urtea bukatu aurretik zehaztu beharko da", gaineratu du.

Bestalde, Donostia 2016 hautagaitzak aurkeztutako txostenaren "kontzeptuari eutsi" egin behar zaiola esan du.

"Iragana iragana da. Orain etorkizunaz hitz egiteko garaia da, Donostiako hiriburutzak ondorengoei utziko dienaz hitz egiteko garaia", adierazi du Greenek.