Itxi

kultura

Donostia 2016

Nogerasek proiektuaren 'blokeoaren' aurrean utzi du Donostia 2016

Erredakzioa

Donostia 2016ko zuzendari nagusi ohiak zuzendaritzaren eta, oro har, proiektuaren aurreko "konpromiso falta erabatekoa" aurkitu duela eta "alderdikeriaz" erabili dutela azaldu du prentsaurreko batean.

Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari nagusi zenak kargua uzteko arrazoiak azaldu ditu ostegun honetan Donostian, kazetarien aurrean. Proiektuak "begi-bistan konponbiderik ez duen blokeo tekniko" baten zama duela, zuzendaritzarekiko eta proiektuarekiko "konpromiso falta erabatekoa" dagoela eta "herritarrak batu ordez banatu egiten dituen alderdikeriaz" erabiltzen ari direla iritzi dio mintzaldian.

Nogerasen aburuz, egoera hori "agerikoa" izan da, duela zazpi hil kargua hartu zuenetik bertatik. Haren hitzetan, izendapenak berak hautsak harrotu zituen, eta "Patronatuko kideei soilik bidali zitzaizkien dokumentu batzuk argitara atera izanak" burutu du eztabaida.

Filtrazio horri buruz esan duenez, hedabide batek kultur programaren aurrerapenaren berri eman zuela eta, "oraindik ezin da kalkulatu bulegoko lantaldeak eta eragile soziokulturalek azken hiletan egindako lanari egingo dion kaltearen tamaina".

Nogerasek prentsaurreko bat egin du gaur Europako Kultur Hiriburuaren bulegoan. Donostia 2016ko lantaldeko kide batzuk bertan egon dira, eta txaloz agurtu dute Nogerasen agerraldia.

Gainera, mintzaldia izan den aretoaren atzealdean, Guadalupe Echevarria proiektuaren kultur zuzendaria ere egon da; Nogerasek kargua uzteko arrazoi nagusitzat jo du Echevarriaren esparrua, "ez baita 2016 egitasmoaren ezaugarrietara egokitu", eta "arazo handia izan da hori zazpi hil hauetan".

Nogerasek, nahiz eta kargua utzi, "arrakasta" handia opa dio 2016ko proiektuari, "zinez", baina hori ez omen da posible izango, haren esanetan, alderdi hauek konpontzen ez diren bitartean: "Barruan zein kanpoan, adostasuna behar da, maila politikoan zein erakundeetan, zuzendaritzan eta lantalde teknikoak konfiantza izan behar da eta Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Kultura Ministerioak osatzen duten Fundazioaren independentzia bermatu behar da".

"Nire dimisioaren ondorioz erakundeek erantzun eta aldarrikatzen ari natzaien hitzarmena adosten badute, pozik joango naiz", azpimarratu du Donostia 2016ren arduradun ohiak.

Hain zuzen ere, Espainiako Kultura Minsterioa dokumentu bat prestatzen ari da, Bruselari "proiektuaren egoera kezkagarriaren berri" emateko. Espainiako Gobernuak "proiektuaren ezegonkortasunarekin" larrituta dagoela adierazi du, baina "berarekin % 100ean konprometituta" dagoela eta, orain, helburua "proiektua bide egokian jartzea da, bideragarritasuna zaintzeko".

Europako Batzordeak ere "proiektuaren egonkortasuna bermatzea eta Nogerasen ordezkoa lehenbailehen izendatzea" eskatu du