Itxi

kultura

Donostia 2016

Berastegui: 'Denbora dago 2016 Donostiarentzat historikoa izan dadin'

Erredakzioa

Donostiako kultur hiriburutzaren zuzendari nagusi berriaren ustez, proiektuak "etorkizuna du, ondo osatuta dago eta uste dena baino gehiago landu da".

1:28

Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari nagusia urrian hasiko da zeregin berrian. Gaur, jendaurreko lehen agerraldian, oraindik egitasmoa gauzatzeko "denbora nahikoa" dagoela esan du, eta Europako kultur hiriburutza "denontzat une historikoa" izango den ustea ere agertu du.

"Denbora ez dugu alde, baina kultur proiektu guztiak egoten dira baldintzatuta. Donostia 2016k etorkizuna duela, ondo osatuta dagoela eta uste dena baino gehiago landu dela uste dut", esan du hiriburutzaren arduradun berriak.

Berastegui (Iruñea, 1968) kultur ekoizlea da, eta Madrilgo Matadero sormen garaikideko zentroko koordinatzaile nagusi eta PhotoEspañako zuzendari jardun da aurretik. Gaurko prentsaurrekoan, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Ikerne Badiola Kulturako foru diputatua eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan ditu alboan. Hiru erakunde horiek eta Espainiako Kultura Ministerioak osatzen dute Donostia 2016 Fundazioko Patronatua, eta organo horrek izendatu zuen, hain zuzen, Berastegui zuzendari nagusi, Itziar Nogeras aurreko arduradunak apirilaren 1ean kargua utzi eta gero.

Zuzendari berriak proiektuaren barne-barneko ezaugarriak beretzat dituela adierazi du, "besteak beste elkarrizketak ezagutza lortzeko, enpatia garatzeko, bizikidetza hobetzeko eta gizartea eraldatzeko erreminta gisa aurkezten duen printzipioa". Gainera, Donostia 2016k bultzatzen duen kultur eredua ere babesten duela erantsi du, "behetik gorakoa baita, parte-hartzea sustatzen duena".

"Ez nator proiektu bat sortzera, proiektua egon badagoelako, baina seguru nago ideiak sortuko direla", adierazi du aurkezpenean.

Lan egiteko autonomia nahikoa izango duelakoan dago Berastegui –Itziar Nogerasek interferentzia politikoak salatu zituen-, eta proiektuak "kultura antolatzeko beste eredu batzuk daudela erakustea" nahi du.

Kritikak

Proiektuaren alde "lana, esperientzia eta ilusioa" jarriko dituela esan du Berasteguik, eta aita euskalduna badu ere "oraindik" euskaraz ez dakiela esan du.

Hain zuzen ere, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak gai hori hizpide hartu du gaur, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Euskaraz ez dakienez gero Berastegui izendatzea "akatsa" dela eta hori "konpondu" egin behar dela uste du Arraizek.

Donostia 2016ren arduradun berriaren hitzetan, "baliteke Arraiz zuzen egotea, baina iritzia alda dezan lan egingo dut".

"Elkarrekin lan egin ahal dugu, nahiz eta nik oraindik euskaraz egiten ez dudan. Ulertzen dut hizkuntzaren alde egin nahi izatea, baina eskuzabal jokatu behar dugu, Euskadi Europan modu naturalean egon dadin", azpimarratu du.

Izagirrek ere hitz egin du afera horren inguruan. "Berastegui hautagai onena da, dudarik gabe, eta egunerokoan erakutsiko du hori. Nolanahi den, Donostia 2016 proiektu euskalduna da, eta euskara da lanerako hizkuntza", esan du.

"Iritziak erabat libre eta errespetagarriak dira. Patronatuak oso argi dauka hautagai onena hartu duela", erantsi du alkateak. "Bruselaren irizpideei" jarraitu dietela azaldu du Izagirrek, eta, horien arabera, ingelesa jakitea ezinbestekoa zela eta euskara jakitea, berriz, aintzat hartzekoa.