kultura
Nazioarte mailako saria
Unescok Diseinuaren Hiri izendatu du Bilbo
Erredakzioa
NBEaren organizazioak, Bilborekin batera, Helsinki (Finlandia), Torino (Italia), Curitiba (Brasil) eta Dundee (Erresuma Batua) hiriak ere sartu ditu aurten.
Unesco Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundeak Diseinuaren Hiri izendatu du Bilbo gaur, astelehena, “hiri eraldaketako ardatz egituratzaile gisa apustua egiteagatik”.
Ekimen hau 2004an abiarazi zuen Unescok, munduan kultur aniztasuna sustatzeko eta esperientziak eta jakintza trukatzeko helburuz. Ekimenak zazpi jarduketa-eremu dauzka: literatura, zinea, musika, artisautza eta herri-artea, diseinua, arte digitala eta gastronomia.
Udalak ohar baten bidez zabaldu duenez, Bilbo Unescoren Hiri Sortzaileen Sarean sartzeko proposamena aurtengo urtarrilean bultzatu zuten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, “estrategia global baten esparruan”. “Estrategia honen erronka nagusiak ekonomia eta enplegu kualifikatua sortzea eta espezializazioa eta enpresa-sarea indartzea dira, bai hirian, bai lurraldean”.
Izendapen horren jabe diren beste hiriak honako hauek dira: Berlin (Alemania), Buenos Aires (Argentina), Beijin, Shanghai eta Shenzhen (Txina), Montreal (Kanada), Seul (Hego Korea), Nagoya eta Kobe (Japon), Saint Étienne (Frantzia) eta Graz (Austria).
Bilborekin batera, aurten Helsinki (Finlandia), Torino (Italia), Curitiba (Brasil) eta Dundee (Erresuma Batua) hiriak ere sartu dituzte.
Hiri Sortzaileen Sarean onartzen diren hiriak betiko sartzen dira sarean. Izaera hori eurek nahi dutelako edo hartutako konpromisoak ez eteteagatik bakarrik galduko dute.
k galduko dute.