Itxi

kultura

Hizkuntza Aniztasunaren Bilera

Donostia 2016ko zuzendaritzak Kontseiluaren goi bilera babestu du

Agentziak - Erredakzioa

2016ko abenduan, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokolo bat aurkeztuko du Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilerak. Kontseiluak antolatutako batzarrak hautsak harrotu ditu patronatuan.

1:37

Pablo Berastegui Donostia 2016 Kulturaren Europako Hiriburutzaren Fundazioko zuzendari nagusiak Kontseiluak Donostia 2016ren harian antolatutako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bileraren aurkezpenean esan duenez, ez dago “B planik” Auzitegiek batzarraren aurka eginez gero. 2016ko zuzendariak babesa eman dio Kontseiluak ekimena gidatzeari,  “indarrean dagoen proiektua delako, onartuta eta izenpetuta baitago”.

Espainiako Kultura Ministerioak goi bilera horren antolaketa Kontseiluari lehiaketarik egin gabe esleitu izanaren aurka Gipuzkoako hiriburuko epaitegi batean salaketa jarri eta gero egin dute aurkezpena gaur. Donostia 2016ko patronatuaren barruan, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza esleipenaren aurka agertu ziren.

Pau Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiak gaur kazetarien aurrean azaldu duenez, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilerak “gizarte eragileen, antolakundeen eta adituen arteko prozesu bat” zabaltzea izango du helburu, “hizkuntzen arteko berdintasuna bermatuko duen protokolo bat jorratzeko eta horren ondorioak nazioarteko goi bilera batean aurkezteko”.

Abenduan egingo dute goi bilera hori, eta, Kontseiluak ez ezik, Pen International, Ciemen, Unpo, Emci, Elen eta Linguapaz Internancional elkarteek eta “gizarte zibilak” hartuko dute parte protokoloa taxutzeko. Idatziak “ikuspegi zientifikoa, akademikoa eta gizartearen ikuspegia bilduko ditu, eta hizkuntza gutxituen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako Europa eraikitzeko tresna” izan nahi du.

Bilbaoren hitzetan, ekimenaren helburuak hauek dira: "Hizkuntza aniztasuna eta hizkuntzen garapena bermatu; hizkuntzak elkarbizitzarako eta bakerako oinarrizko zutabe direla aldarrikatu; hizkuntzen arteko berdintasunaren eta desabantailak dauzkaten hizkuntzen aldeko erreminta eraginkorra sortu; hizkuntza komunitateak prozesu horren subjektu gisa erakutsi eta gizartea kudeaketa bidezko horren gordailu dela".

“Errezeloak gainditu”

Goi bilera antolatzeko Donostia 2016k Kontseiluarekin sinatutako hitzarmenak iritzi kontrajarriak eragin ditu fundazioko patronatu kideen artean, eta Espainiako Kultura ministerioak auzitara jo du. Horri buruz galdetuta, Bilbaok adierazi du proiektua ondo ulertzea gakoa izango dela eta bide horretatik egon litezkeen errezeloak gainditzeko gai izango direla uste du.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak eginiko kritiken aurrean –goi bileraren antolaketa lanean Etxeparen Institutak, Euskaltzaindiak eta beste elkarte batzuek parte hartuko ez dutela eta kexu agertu zen-, Bilbaok esan du “elkarte horiekin lan egiteko asmoa argia” dutela, nahiz eta lana gaur aurkeztutako lantaldeak “gidatuko” duen.

Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari nagusiak, bestalde, esan du ez direla B planik aztertzen ari, epaitegietatik etor litekeen balizko erabakiren bati aurre egiteko.