kultura
Agerraldia
'Injerentzia politikoak' ukatu ditu Izagirrek Donostia 2016 egitasmoan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbon egindako gosari informatibo batean, Espainiako Gobernuak eta "beste erakunde batzuek" (Jaurlaritzari buruz aritu da, baina ez du aipatu) izan duten jarrera kritikatu du Izagirrek.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta Donostia 2016 egitasmoko presidenteak ukatu egin du proiektu horretan "injerentzia politikorik" egin izana. “Tamalez, ezin dut gauza bera esan beste erakunde batzuek izan duten jarreraren inguruan, erantsi du.
Bilbon egindako gosari informatibo batean, Espainiako Gobernuak eta "beste erakunde batzuek" (Jaurlaritzari buruz aritu da, baina ez du aipatu) izan duten jarrera kritikatu du Izagirrek.
“Gustuko dituen proiektuak” bakarrik onartzea egotzi dio Espainiako Gobernuari. Jaurlaritzari, berriz, Kontseiluak antolatu nahi zituen jarduera batzuen aurka Kultura Ministerioak jarritako salaketa babestea leporatu dio.
“Horiek bai, horiek injerentzia politikoak dira”, erantsi du Izagirrek. Era berean, fundazioko presidenteari dagozkion funtzioak ondo ezagutzen dituela gaineratu du.
Egitasmoaren kudeaketaren inguruan jasotako kritikei buruz, “kritikak jasotzea” ez dela gauza txarra adierazi du. Hala ere, zenbait polemika “artifizialak” izan direla nabarmendu du.
Horren guztiaren gainetik, Donostia 2016 egitasmoari “arrakasta” aurreikusi dio Izagirrek. Amaiatzeko, aurreko alkateak (Odon Elorza sozialista) diseinatu zuen proiektuari eustea erabaki “zuzena” izan dela esan du, nahiz eta “lan handia” egin behar izan duten egitasmoari “edukia emateko”.