Itxi

kultura

Musikarik gabeko eguna

Kulturako BEZa jaistearen aldeko 225.000 sinadura aurkeztu dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Musikarik gabeko Egunaren antolatzaileek diputatuen Kongresuan aurkeztu dute zerga % 4ra jaisteko eskaera. Hego Euskal Herriko kontzertu areto gehienak itxita daude gaur.

  • Amaia Monterok bat egin du ekimenarekin. Argazkia @AmaiaMontero

"On Pause". Halaxe egongo da 2015eko maiatzaren 20 honetan musika; zuzeneko emanaldirik eta musika sarean eskaini gabe. Musikaren industriak oihu isila egin nahi du gaurkoan, Espainiako Estatuan 2012ko irailetik indarrean dagoen kultur ekitaldien gaineko BEZ zergaren kontra protesta egiteko. % 21ekoa da, Europar Batasuneko altuena, eta sektorea "biziraupen egoerara" behartzen du.

Estatuan deitu dute, eta Amaia Ispizua Musika Industriaren Elkarteko presidenteordeak Euskadi Irratian esan duenez, Hego Euskal Herriko kontzertu areto gehienak itxita egongo dira gaur, eta ez da ia kontzerturik egongo, musikari gehienek emanaldiak atzeratu baitituzte.

Change.org sareko plataforman kulturaren gaineko BEZa % 21etik % 4ra jaisteko eskaera sinatu dute 225.000 herritarrek, eta sinadurok diputatuen Kongresuan erregistratu dituzte gaur goizean  Musikarik gabeko Eguna ekimenaren sustatzaileek.

Un dia sin musica. firmas sinadurak Kongresua. EFE

"Europako beste herrialdeek duten BEZaren baliokide den batekin lan egin eta kontzertuak eskaini nahi ditugu, jendeak goza dezan", esan du Neo Sala Musika Sustatzaileen Elkarteko presidenteordeak Kongresuaren kanpoaldean eskainitako adierazpenetan.

IUk, EAJk eta CIUk gonbidatuta izan dira Kongresuan elkarteko kideak, baina oposizioko alderdi guztien babesa izan dute. PPrekin, ordea, ez dute inolako harremanik izan. Sinadurak erregistratu eta gero, elkarretaratzea egin dute elkarteko kideek Madrilgo Canovas del Castillo plazan.

Change.org plataformaren esanetan, astebetean 50.000 sinadura bildu ditu ekimenak. Sustatzaileek argitu dutenez, kanpaina zabalik izango dute denbora batez.

Serratek, Sabinak edo Bosek babestu dute ekimena

Espainiar Estatuko abeslari eta musikari ugarik babestu dute ekimena: Vetusta Morla, Pablo Alboran, Alejandro Sanz, Joan Manuel Serrat, Joaquin Sabina, Miguel Bose, Manolo Garcia, Sergio Dalma, Estopa, Kiko Veneno...

Euskal jatorriko abeslaririk ere badago zerrenda horretan. Horietako batzuek ahoa tapatuta egin dute argazkia, BEZak bere horretan jarraituz gero musikaren sektorea zein egoeratan dagoen salatzeko:

Espainiako Gobernuak berak emandako datuen arabera, kulturaren sektorean 40.000-50.000 lanpostu galdu dira 2012ko irailetik (zerga hori % 8tik % 21era igo zutenetik, alegia).

Musika Sustatzaileen Elkarteak salatu duenez, kontzertuetara joaten diren lagunen kopurua % 30 murriztu da garestitze horren ondorioz.