Itxi

kultura

Donostia 2016

Olatu Talkak 200 jarduerekin blaituko du Donostia, gaurtik aurrera

Agentziak | Erredakzioa

Igandera arte, kontzertuez, antzezlanez, erakusketez eta zinemaz gozatu ahalko dute donostiarrek eta hiriburura hurbiltzen direnek.

Kulturaren olatu erraldoia Donostia astintzear da. Gaur da hastekoa eta, Olatu Talka jaialdia, Donostia Kulturaren eta Donostia 2016ren elkarlanarekin seigarren urtez antolatutako hitzordu kulturala.

Donostiako mugen barruan ospatuko den jaialdiaren edizio honetan, 10 Olatu Talka Guneren inguruan eraiki dute programazioa: Uliako lehengo udal mintegiak (Ulia-Intxaurrondo Gunea), San Martzial plaza (Altza Gunea), Kontxako arkupeak (Zentro Gunea), Saguesko zabalgunea (Gros Gunea), Miramongo basoa (Miramon Gunea), Kontadores (Bidebieta Gunea), Iztueta (Gros-Egia Gunea), Mentxu Gal lorategiak (Amara Gunea), Alfonso XIII plaza (Antigua Gunea), Konstituzio plaza (Parte Zaharra Gunea).

Horietan, tailer, kontzertu eta emanaldi, dantza eta antzerki ikuskizun, merkatu eta beste hamaika jarduerek aukera eskainiko dute "jaialdiko olatua barreiatu, herritarrak gerturatu eta Donostiako bizilagunei Olatu Talkaz beren auzoetan ere gozatzeko", antolatzaileen hitzetan.

200 proposamen baino gehiago iritsi dira Olatu Talkara, aurreko urteko zifren inguruan. Proposamen horietako batzuk aurreko urteetan finkatutako jarduera ezagunak dira baina nobedade interesgarriak izango dira.

Honen adibide dira Olatu Talka jaialdiari gaur hasiera emango dion Biziz bizi txirrindularien ibilaldia, Sagueseko zabalgunean patin eta monopatinen inguruan ospatuko den Sagues Roller Fest jaialdia, Amarapedia topaketa digitala, Huts uneak esperientzia pilotua eta inoiz baino jarduera gehiago jasotzen dituen Garbibai egitasmoa.

Jai handia jaialdia bukatzeko

Jaialdia bukatzeko, igandean, jai handia izango da Kontxako Pasealekuan. Horretarako, ibilgailuek itxita edukiko dute pasealekua, 13:00etatik 19:00etara.

Hala, ibilgailuek hartutako espazioa bere egingo dute herritarrek. Kontzertuak eta jarduera ugari izango dira bertan eta bakoitzak bere janaria eraman ahalko du edo bertan paratuko diren postuetan erosi.