kultura
Urriak 1-4
Marabilli jaialdia: bizitza ederra da!
N.V. | eitb.eus
Urriaren 1etik 4ra, sormenak gainez egin eta Ondarroa osotik zabalduko da Marabilli festibalaren kariaz. Aitzol Aramaio zinemagilea zenaren omenez antolatzen dute jaialdia.
"Bixitxi marabilli re": zamak zama, egoten da, bada, ospatzeko motiborik, bizipoza, bozkarioa, bihurtzen dugu kantatzeko gaia… Hori zen Aitzo Aramaio zinemagilearen (Ondarroa, 1971-2011), “Terminal” film laburraren eta “Txokoloate apur bat” film luzearen zuzendariaren, filosofiaren muina, haren adiskideek kontatzen dutenez, eta Aramaiok ahotan sarritan hartzen zuen “marabilli” hitz horrek izendatzen du haren omenez aurten, hirugarrenez, urriaren 1etik 4ra Ondarroan zabalduko den sormen oldea.
OLEE kultur elkarteak eta Manuelistek, Aramaioren lagun taldeak, antolatzen dute jaialdi oparoa. Eta joria da zinez Marrabilli, ez baita ez antzerki jaialdia, ez musika jaialdia, ez zinemaldia, baina hori guztia ere bada, eta askoz gehiago: sormen jaialdia da.
Ostegunetik aurrera, hamaika gozagai izango dira kostaldeko herrian: zinemako makillajearen inguruko ikastaroa, Pepe Mugica, Joseba Sarrionandia (audioz, biak), Elena Irureta edo Uxue Alberdiren hitzaldiak, Manuel Rivas galiziar idazlearen poema errezitaldia, DJak, Montxo Armendarizen zinema ikastaroa, nanoantzerkia, La Maravillosa Orquesta del Alcohol, We Are Standard (ostirala), Gatibu (larunbata) eta Anari (igandea) taldeen kontzertuak, “Amama” filmaren emanaldia…
Gatibuk Beikozini aretoan joko du larunbatean
Egunero, gainera, kale animazioa, irratsaioa eta “Bosnia, 1995” Aitzol Aramaioren argazki erakusketa izango dira. Programa jaialdiaren webgunean kontsultatu ahal da zehatzago.
Gainera, motorrak berotze aldera, Piztiak ondarroar taldeak jaialdirako kantua sortu du Gari, Aiora Renteria (Zea Mays), Petti, Gorka Urbizu (Berri Txarrak) eta Nerea Sanchez (Keike) musikarien laguntzaz. Segidan entzun ahal duzu.