Itxi

kultura

Jaialdia

Bilbo barre purrustadaka, urriaren 12ra arte

Agentziak | Erredakzioa

Umorezko Literaturaren eta Artearen nazioarteko VI. Jaialdiak Quinoren omenezko erakusketa bat zabaldu, eta Fernando Trueba, El Gran Wyoming eta beste hainbaten elkarrizketak proposatuko ditu.

  • Quinori buruzko erakusketa Zabalgune Eraikinean dago ikusgai

    Quinori buruzko erakusketa Zabalgune Eraikinean dago ikusgai

?Quino Mafaldaren bitartez? Quinoren, Mafalda ezkor eta lotsagabearen ?aitaren?, omenezko erakusketaren inaugurazioak zabaldu du Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiaren seigarren edizioa, Bilbon. Urriaren 12ra arte iraungo du topaguneak.

Buenos Aires hiriak antolatu zuen erakusketa 2014an, Quinok umorista grafiko gisa egindako lehen publikazioaren 60. urteurrena eta Mafaldaren sorreraren 50. urteurrena bete zela eta. Irailaren 23an zabaldu zuten Bizkaiko hiriburuan, eta Zabalgune Eraikinean dago ikusgai.

Elkarrizketak

Erakusketaz gain, Bilbon umorea eta literatura grafiko zein idatzia uztartzen dituen jaialdiak genero horretan aritzen diren zazpi egileren solasaldiak programatu ditu, baita bost gonbidaturen eta beste horrenbeste pertsona ezagunen arteko elkarrizketak, umorearen egungo egoeraren inguruko hausnarketak plazara ditzaten.

Elkarrizketok BBK Salan egingo dituzte, urriaren 1etik 4ra: Santiago Lorenzo eta Kiko Amat (urriak 1), Antonio Resines eta Carlos Areces (urriak 1) eta Fernando Marias eta Milena Busquets (urriak 2) mintzatuko dira publikoaren aurrean, ikusleei barrea ateratzeko moduei buruz edo inguruko bat galtzean umorea tresna gisa erabiltzeko moduez, besteak beste.

Hurrengo astean, Juan Bonilla eta Eduardo Mendicutti barreari eta bizitzari buruz arituko dira (urriak 8); David Truebak eta Javier Gomak tabuez hitz egingo dute (urriak 9); Manuel Jaboisek eta Rosa Belmontek umorea eta prentsako zutabegintza jorratuko dute (urriak 10).

Elkarrizketei dagokienez, Iñigo Dominguez kazetariak Khalid Albaih sudandar marrazkigilea elkarrizketatuko du ?Umorea eta Islama? gaia ardatz hartuta (urriak 7), eta Fernando Aramburu donostiar idazleak Rudolph Herzog, Werner Herzog zinemagilearen semea, izango du solaskide, Hirugarren Reichean umoreak zein toki zuen azaleratzeko.

Igandean (urriak 12) izango da azken elkarrizketa. El Gran Wyoming telebista aurkezle eta musikari ezagunak Fernando Trueba ekoizle eta zinemagilea, BBK Ja! Bilbao sariaren irabazlea, hartuko du, umoreaz solastatzeko.