Itxi

kultura

Deskontuak

Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.854 kultura-bonu ipiniko ditu salgai astelehenean

Agentziak | Erredakzioa

Aldundiaren arabera, Gipuzkoako 20 herritan egongo dira eskugarri bonuak, 51 dendatan.

  • Liburuak

    Liburuak

Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.854 kultura-bonu ipiniko ditu salgai, lurraldeko 20 herritako 51 dendatan, astelehenetik aurrera.

Aldundiak jakinarazi duenez, honako herri hauetan erosi ahal izango dira bonuak: Donostian (19 dendatan), Arrasaten (1), Villabonan (1), Hernanin (1), Zarautzen (2), Tolosan (1), Mendaron (1), Irunen (4), Eibarren (2), Oñatin (4), Andoainen (1), Lazkaon (1), Soraluzen (2), Elgoibarren (1), Beasainen (1), Ordizian (1), Errenterian (4), Zumarragan (1), Orion (1) eta Mutrikun (2).

Egitasmoarekin bat egin duten denda guztiek bereizgarri bat izango dute, bonua nahi duen jendeak erraz jakin dezan non eros dezakeen. Erabiltzaileak erositako denda berean gastatu beharko du txartela, urtarrilaren 15a baino lehen.

Bi bonu ipiniko dituzte salgai. Batek euskarazko liburuak, diskoak eta DVDak erosteko balio du; besteak, berriz, gainerako hizkuntzetan egindako materiala eskuratzeko. Foru Aldundiak salgai ipiniko dituen 8.854 bonuetatik 3.542 euskarazko produktuak erosteko izango dira eta beste 5.312ak gainerako hizkuntzetarako.

Deskontuak

Gaztelaniaz bonu gehiago daudenez, beherapena txikiagoa izango da. Beraz, bi hizkuntzetan bonuak 20 euro balioko dituen arren, euskarazko materialak 12 euroko deskontua izango du, eta gaztelaniazkoak 8 eurokoa.