Itxi

kultura

Artea

Lizarrako San Jurgiren eskulturaren zaharberritzea zuzentzen saiatzen ari da Gobernua

agentziak | erredakzioa

Foru Gobernuko Higigarri eta Arkeologia Erregistroaren biltegietara eraman dute tailua, Cordovillan, egindakoa konpontzen saiatzeko.

  • Artelana, Foru Gobernuko biltegietan

    Artelana, Foru Gobernuko biltegietan. Argazkia: EFE

Ana Herrera Nafarroako Kultura kontseilariak gaur, asteartea, adierazi duenez, "behin okerra eginda dagoenean", Nafarroako Gobernua, Artzapezpikutzarekin batera, Lizarrako San Jurgiren eskulturan egindako zaharberritze lanetan egindako okerrak "zuzentzen, ahal den neurrian", saiatzen ari da.

"Penagarria izan da gertatutakoa, gure ustean, tailuaren oso alde garrantzitsu batzuk galdu egin dira ezinbestean, baina behin okerra eginda dagoenean, lanean ari gara, Artzapezpikutzarekin batera, ahal den neurrian egindako okerrak zuzentzen saiatzeko", esan du prentsaurreko batean kontseilariak.

Halaber, Herreraren esanetan, Foru Gobernuko Higigarri eta Arkeologia Erregistroaren biltegietara eraman dute tailua, Cordovillan, ikerketa teknikoa egiten ari diren bitartean, horiek Artzapezpikutzak ordainduta.

Kontseilariak gaineratu duenez Espainiako Zaharberritzaileen Elkarteak (ACRE) zaharberritze lan horretaz arduratu zen Lizarrako Karmacolor enpresaren kontrako salaketa jarri zuen, hortaz, Gobernua "fiskalarekin kolaboratzen ari da, eskatutako agiriak emanez". Gainera, harreman etengabean daude biak, "zigor bidea bukatzen denean" jakinean jar dezaten Gobernua, "administrazio-bidea hasi ahal izateko, hori baita Ondasunaren lege nafarrak zehazten duena".

Azkenik, hau guztia gertatu izana "harrigarria" dela adierazi du eta, gaineratu duenez, "Ondasunaren zerbitzuak ez zuen zaharberritze horren berri izan, eta derrigorrezkoa da, Ondasunaren legean zehaztuta dago"; hori dela eta, "lehenik eta behin komunikazioa hobetzen saiatu beharko gara".