kultura
Portugalete-Getxo
Iraganeko industriari buruzko murala Bizkaia Zubian ikusgai, 125. urteurrenean
agentziak | erredakzioa
Murala itsasadarreko bi ertzetan dauden terrazetatik ikus daiteke, baita goiko pasabidetik, 45 metroko altueratik, ere.
-
Artelanaren egilea, Pablo Zabala. Argazkia: UPV/EHU
Bizkaia Zubia (Portugalete-Getxo) 125. urteurrenean, iraganeko meategien eta industriaren itxurako pintura-konposizio bat jarri dute bertan ikusgai. Artelana Pablo Zabala EHUko ikasleak egin du, eta lau piezak osatzen dute, itsasadarraren alde bakoitzean bi.
Pablo Zabala UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Pintura masterreko ikasleak azaldu duenez, lau pieza dituen mural bat egin du, zubiaren ontzitxorako sarbideen estaldurak apaintzeko.
"Espazioak berak ezarri ditu lanaren arauak, horrela gris industriala eta itsasargien gorria eta berdea elkartzen dira. Muralak itsasontzi biren sarrera eta irteera irudikatzen ditu; ontziek kea botatzen dute igarotzean, itsasargiek berdez tindatutakoa ezkerraldean, eta gorriz eskuinaldean", artistaren esanetan.
"Pintura-lanean ipar-mendebaldeko haizea irudikatzen da, ohikoa Kantauri itsasoan, eta elementu oso garrantzitsua da, zeren eta bere agindupean mugitzen da kea", gaineratu du.
Lana egiteko, UPV/EHUko ikasleak espazioak berak dituen oztopoak gainditu behar izan ditu, murala zubiaren ontzitxoaren sarbidearen kanpoko estalkietan pintatu baitu. Bizkaia Zubiak itsasadarreko bi ertzetan dituen terrazetatik eta itsasgoraren mailaren gainetik 45 metroko altueran dagoen pasabidetik ikus daiteke artelana.