Itxi

kultura

Euskara

Mari Jose Azurmendi, Manuel Lekuona Saria

Agentziak | Erredakzioa

Ibilbide profesional eta akademiko"aparta" izan duela eta hizkuntzaren normalizazioa bere egin duela nabarmendu du epaimahaiak, "euskarari ekarpen joria eginez".

  • Mari Jose Azurmendi soziolinguista gipuzkoarra. Irudia: EiTB

    Mari Jose Azurmendi soziolinguista gipuzkoarra. Irudia: EiTB

Mari Jose Azurmendi soziolinguistak jasoko du Eusko Ikaskuntzak ematen duen Manuel Lekuona Saria. Ibilbide profesional eta akademiko "aparta" izan duela eta hizkuntzaren normalizazioa bere egin duela nabarmendu du epaimahaiak, "euskarari ekarpen joria eginez".

Hala, Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez, besteak beste, Azurmendi aitzindaria izan da soziolinguistika gaietan, bai eta psikosoziolinguistika deitua izan den jakintza arloa garatzen ere. Nazioarte mailan hizkuntzaren ikerketan egindako zabalkunde lana ere ezaguna dela azpimarratu du.

"Bizitza oso bat" irakaskuntza eta ikerketari eman diola eta hainbat arlotan emakume "aitzindaria" izan dela adierazi du. Horrela, Beasaingo Alkartasuna Lizeoko lehen emakume zuzendaria izan zen, baita Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradun izatera iritsi zen lehen emakumetarikoa ere. 2000. urtean Soziolinguistika Klusterreko bultzatzaile eta sortzailetako bat izan zen.

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zen, Euskal Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsua izan zitekeen lana egin duten pertsonei aitorpena egiteko.

Manuel Lekuona Saria jaso dute, besteak beste, Jorge Oteizak, Jose Miguel de Azaolak, Justo Garatek,Bernardo Estornesek, Carlos Santamariak, Jose Ignacio Tellechea Idigorasek, Jose Mª Jimeno Juriok, Eugene Goyhenechek, Micaela Portillak, Elias Amezagak, Menchu Galek, Antxon Aguirre Sorondok, Joan Mari Torrealdaik, Fermin Leizaolak edota Manuel Lekuonak berak. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da.

Mari Jose Azurmendi irakasle eta ikertzailea Donostian jaio zen, 1944an. 1968an irakasle lanetan hasi zen Beasaingo Alkartasuna Lizeoan, eta bertako lehen emakume zuzendaria izatera iritsi zen.

Gerora, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Ikasketa Unibertsitario eta Teknikoetan aritu zen 13 urtez hainbat ikasgai irakasten, tartean soziolinguistikako gaiak, horretan aitzindaria izan zelarik.

Jarraian, EHUko Psikologia Fakultatean aritu zen, 1983tik jubilatu zen arte. Unibertsitatean katedradun izatera iritsi zen lehen emakumetarikoa izan zen. Zortzi urtez izan zen Psikologia Fakultateko Dekanotzako kidea, Euskara dekanorde gisa. 2011ean erretiroa hartu zuen, baina 2014ra arte irakasle emeritu moduan luzatu zuen bere bizitza akademikoa.

Quebeceko Laval Unibertsitateko 'Centre sur le Bilinguisme' irakasle gonbidatua eta 1980az geroztik zentro horren kidea izan da. Nevada-Renoko Unibertsitatean ere jardun du irakasle gonbidatu gisa.