kultura
Mendeurrena
Eusko Ikaskuntzak Oñatin jarri du hitzordua asteburu honetarako
eitb.eus
Ostiralean erakundearen XVIII. Kongresua amaituko da, eta larunbatean euskal erakundeek eta herritarrek Eusko Ikaskuntzaren sorreraren mendeurrena ospatuko dute.
-
Ostiralean, 'Hamaika Amaren Seme (Alaba)' antzezlana estreinatuko dute
Azaroaren 23 eta 24an, Eusko Ikaskuntzak XVIII. Kongresuaren azken saioa egin eta ondorioak aurkeztuko ditu, eta mendeurrena ospatzeko ekitaldia egingo du Oñatin.
Ostiralean, goizeko hamarretatik aurrera, ikergai izan diren alor bakoitzeko emaitzak aurkeztu eta eztabaidatuko dituzte Ibon Zugasti, Julen Zabalo, Josu Amezaga eta beste hainbat adituren eskutik.
Arratsaldean, Oñatiko alde zaharrean zehar bisita gidatua egingo dute, eta Hamaika Amaren Seme (Alaba) antzezlana estreinatuko da.
Mendeurreneko ekitaldia
Azaroaren 24an, larunbatarekin, mendeurrena ospatuko du Eusko Ikaskuntzak, Oñatin.
Jarduerak hamaiketan hasiko dira, Foruen Plazan, 1918ko Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuan bezala, agintarien sokadantza izango da eta Oñatz Dantza Taldeko dantzarien emanaldia.
Eguerdian, ekitaldi instituzionala egingo dute San Migel elizan, musikaz eta dantzaz lagunduta. Besteak beste, Donostiako Orfeoia eta Arizkungo dantzariak arituko dira. Eusko Ikaskuntzaren etorkizuneko lan lerroak bilduko dituen adierazpen instituzionala irakurriko dute bertan lurralde desberdinetako ordezkariek.