kultura
Eusko Legebiltzarra
Tabernetan kontzertu kopurua ez mugatzea eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari
Tabernei urtean hamabi kontzertuko muga ezartzen dien araudia, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea, apirilean sartuko da indarrean, aurreikuspenen arabera.
-
EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen zuzenketa bat onartu du Legebiltzarrak, PPren babesarekin
Eusko Legebiltzarrak EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen zuzenketa bat onartu du gaur, PPren babesarekin (EAJ eta PSE abstenitu egin dira), bertan behera geldi dadin lizentziarik ez duten ostalaritza establezimenduetan urtean gehienez hamabi kontzertu antolatzeko muga. Jaurlaritzak onartutako erreglamenduan jasota dago debeku hori.
Ekimenak ez du behartuko Eusko Jaurlaritza agindu hori betetzera, baina Exekutiboa osatzen duten bi alderdietako, EAJko eta PSEko, ordezkariak bat etorri dira gai honen inguruan “hausnarketa” egin behar dela esaten.
Aurreikuspenen arabera, apirilean sartuko da indarrean erreglamendu hori, zeinetan, besteak beste, ostalaritza establezimenduetan gehienez ere urtean hamabi kontzertu baino gehiago (hilean, gehienez bi) antolatzeko debekua ezartzen den.
Legebiltzarrak, gainera, sei hileko epean araudia molda dezala eskatu dio Jaurlaritzari, eta lan hori Eudelekin, ostalariekin, kultur agenteekin, artistekin, sortzaileekin eta kulturzaleekin batera egitera gonbidatu du, kategoria ezberdinetako lokalek zer irizpide eta baldintza bete behar dituzten “adostasunez” ebazteko.
Gainera, Legebiltzarrak onartu duen ekimenean, araudi hori genero ikuspegia kontuan harturik berritu dezala eskatzen zaio Jaurlaritzari, emakumeek egindako lanak bultzatzera bideratutako neurriak abiatzeko.