Itxi

kultura

kultura jaialdia

Olatu Talkak amaiera biribila eman dio hamar urteko ibilbideari

Agentziak | Erredakzioa

2009an sortu zuten ekimena, Donostiako 2016ko Kultur Hiriburutza sustatzeko asmoz. Jaialdiak azken orduak igaro ditu Donostian, etorkizunari begirako hausnarketari bide eman aurretik.

  • Olatu Talkaren aurkezpena. Argazkia: EFE

    Olatu Talkaren aurkezpena. Argazkia: EFE

Olatu Talka kultura jaialdiak amaiera biribila eman dio igande honetan hamar urteko ibilbideari. Antolatzaileek “oso balorazio positiboa” egin dute goizean, jardueren aniztasuna eta herritarren erantzuna gogoan izanik. 2009an sortu zuten ekimena, Donostiako 2016ko Kultur Hiriburutza sustatzeko asmoz. Hamar urteko zikloa amaituta, etorkizunari begirako hausnarketari hasiera emango diote, oraindik zehaztu gabe dagoen beste eredu berri bat sortzeko asmoz.

Hala iragarri du gaur Jon Aizpurua Olatu Talkako zuzendariak, hamargarren edizioaren lehen balorazioa egiteko deitu duen prentsaurrekoan. Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitartean, 50.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute ekologiarekin eta ingurumenaren zaintzarekin inoiz baino lotuago egon den ekitaldian.

“Olatu Talka hamargarren urteurrenean amaitzea oso garrantzitsua da guretzat, hamar urteko ibilbidea ixten dugulako. Datorren urtean ez da kultura jaialdirik izango, baina beste eredu berri  bar sortzeko hausnarketari hasiera emango diogu gaur. Donostiako gizarte eragileek eguneroko ekintza kulturaletan tokia izatea da gure helburu nagusia”, azaldu du Aizpuruak.

Testuinguru horretan, Olatu Talkako zuzendariak amaiera biribila eman nahi izan dio hamar urteko ibilbideari. Izan ere, kultura jaialdia duela hamar urte sortu zuten, Donostiako 2016ko Kultur Hiriburutza sustatzeko, “oso helburu zehatz batzuekin”. Ildo horretatik, herritarrek burututako ekintza kultural ezberdinak kalera ateratzeko asmoa zuten.

Aurtengo edizioari dagokionez, ostiraletik igandera bitartean antolatutako jarduera guztietan eguraldia lagun izan dutela nabarmendu Aizpuruak. Hala, “helburu guztiak bete” dituztela esan du, eta ekimenean parte hartu duten elkarte eta antolatzaile guztiak “pozik” agertu direla gaineratu du.

“Hamargarren urteurren honetan, etorkizunera begiratzeko ordua da, oraindik zehaztu ez dugun beste eredu bat sortuz. Gauzak horrela, oraindik ez dakigu ziur aurrerantzean Olatu Talka jaialdi bat izaten jarraituko duen edo urte osoan zehar antolatutako ekitaldiek beteko duten hutsunea”.