Itxi

kultura

Irakurraldi jarraitua

Ehunka pertsona txandakatu dira Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' eleberria irakurtzeko

Agentziak | Erredakzioa

Eleberriaren egileak berak irakurraldi jarraituari hasiera eman dio, ondoren, besteak beste, Bingen Zupiriak, Maite Salutregik eta Andres Urrutiak hartu diote lekukoa.

1:22
'Otto Pette' liburuaren irakurketa Bilbon

Ehunka pertsona txandakatu dira ostegun honetan, Otto Pette eleberria 12 orduz jarraian irakurtzeko. Anjel Lertxundi euskal idazlearen nobela izan da protagonista Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasturte amaiera ekitaldian.

Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1948) eleberriaren egileak berak irakurraldi jarraituari hasiera eman dio, ondoren Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Maite Salutregi euskaltegi horretako irakasleak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak hartu diote lekukoa.

Euskara ikasleak, irakasleak, sindikatuetako ordezkariak eta idazleak txandakatu dira egunean zehar. Horrela, Txani Rodriguez, Miren Agur Meabe eta Toti Martinez de Lezea idazleek parte hartu dute, baita Aitor Etxebarria, Natxo de Felipe edo Josi Gimenez (Doctor Deseo) musikariek eta Asier Hormaza, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek ere.

Era berean, erakundeetako ordezkariek ez dute hitzordua galdu nahi izan. Besteak beste, Unai Rementeria jarduneko Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko jarduneko alkateak parte hartu dute.