Itxi

kultura

Arau izaera du

'Euskal Herriko Udalen Izendegia' argitaratu du Euskaltzaindiak

Erredakzioa

'Izenak' Akademiak sortu berri duen bilduma berriaren 1. zenbakia da.

Euskal Herriko Udalen Izendegia aurkeztu du ostegun honetan Euskaltzaindiak. Akademiaren Onomastika batzordeak egin duen izendegi horrek arau izaera du, eta Izenak Euskaltzaindiak sortu berri duen bilduma berriaren 1. zenbakia da.

229 orrialdeko izendegi hau bi kapitulutan banatua dago. Lehenbiziko kapituluan, Euskal Herriko udal izendegi osoa ematen da alfabetikoki.

Bigarren kapituluan udal izenak lurraldeka ageri dira, hurrenkera honetan: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.

Azkenik, bi eranskin lagungarri sartu dira: bata, liburuan berean txertatua, Euskaltzaindiak azken urteotan onartu dituen onomastikaren inguruko hiru arau, Euskal Herria izenarena horien artean; bestea, liburuaren atzeko azalaren barnean doan mapa. Euskal Herriko udalerri guztien kokapen geografikoa azaltzen du, udal bakoitzari dagokion euskal izenarekin. Aldi berean, argi adierazten da zein herrialdetan dagoen kokatua udalerri bakoitza.

Akademiak azaldu duenez, liburuak zabalkunde handia behar du ''''hainbatengana iristeko, batik bat hizkuntzaren egunerokotasunean ari garenongana: teknikari, itzultzaile, kazetari, testu-sortzaile eta egokitzaileak…hitz batez esanda, euskaldun orori, horiek baitira gure lanaren hartzaileak''''.

Bestalde, liburu honen edukia Euskaltzaindiak berak jarria duela guztion eskura bere webgunean (euskaltzaindia.net), EODA izeneko datutegian.


Aurreko izendegia, 1979koa

32 urte dira, jadanik, Euskaltzaindiak lehenbiziko udal izendegia argitara eman zuenetik; izan ere, 1979an kaleratu zuen Euskal Herriko Udalen Izendegia liburuxka.

Orduz geroztik, herri izenen normalizazioa bideratzeko garrantzi handiko urratsak egin ziren, Hego Euskal Herrian, batik bat. Onomastika batzordeak etengabe segitu du lanean eta horren froga dira, besteak beste, 79ko izendegi hura kaleratu zenetik gaurdaino herri izenen inguruan argitara eman dituen lanak.

Aurkeztu berri duten Euskal Herriko Udalen Izendegian zazpi lurraldeetako bakoitzaren izendegiaren sarreran azaldu dira aplikatu diren irizpideak, baita 1979ko izendegiarekin erkatuz ageri diren aldaketen zergatia ere.