Itxi

kultura

Europako Kultura Hiriburua

Donostiaren izendapena aztertuko du Ministroen Kontseiluak

Erredakzioa

Donostia Europako Kultura Hiriburu izendatzeak polemika sortu du, baina Alfredo Perez Rubalcaba presidenteordeak bere iritzia azaltzeari uko egin dio.

  • Alfredo Perez Rubalcaba presidenteordea

    Alfredo Perez Rubalcaba presidenteordea. Argazkia: EFE

Ministroen Kontseiluak Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburu izendapena aztertuko duela iragarri du Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteordeak. Ministroen Kontseiluak ostiral honetan egingo du bilera.

AEBetako eta G-6 taldeko Barne ministroek bilera egin dute gaur eta amaitu ostean prentsaurrekoa eman du Rubalcabak. Donostia Europako Kultura Hiriburu izendatzeak polemika piztu du, baina Rubalcabak bere iritzia azaltzeari uko egin dio. Ministroen Kontseilua bildu eta gero izan ohi den prentsaurrekoan azalpenak emango dituela agindu du Barne ministroak. Kontseiluak gaia aztertuko duela ziurtatu du agintariak.

Gipuzkoako hiriburuaren izendapenak lehiakideen protestak eragin ditu, eta horietako batzuk erabakia errekurrituko dutela iragarri dute. Juan Alberto Belloch Zaragozako alkateak gutun bat bidali dio Angeles Gonzalez Sinde Kultura ministroari eta epamahaiak analisi berria egitea eskatu du, bakearen argudio "maltzurra" albo batera utziz.

Burgos eta Kordobako ordezkariak ere erabakiaren aurka agertu dira. Javier Lacalle Burgoseko alkateak idatzi bat igorriko dio Gobernuari, hautaketa irizpideen inguruko azalpenak eskatuz.

Kultura ministroak, bestalde, Donostiak irabaztea merezi zuela azpimarratu du berriz. Bilduk Odon Elorza alkate ohiak martxan jarritako proiektuarekin jarraitzea espero du Sindek. ''''Herritarrek Odon Elorzaren proiektua mantentzearen alde egingo dutela uste dut, urte askotako lanaren ondorio baita'''', esan du.