kultura
Ustezko desbideratzeak
SGAEren gaineko ikerketaren sumarioa sekretutik atera du epaileak
Erredakzioa
Gainera, beste bost bazkide akusazio partikular gisa azaltzea onartu du.
Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak SGAEren gaineko ikerketa ezagutzera ematea erabaki du astelehen honetan, iturri judizialek jakinarazi dutenez. SGAErekin lotura zuen enpresa multzo baten bidez dirua desbideratu duten aztertzeko sumarioa sekretutik atera arren, ikerketa ez dute oraindik bukatutzat eman.
Halaber, SGAEko bost kidek egindako eskaria aintzat hartuta, auzi honetan kaltetu gisa agertzea onartu du. SGAEn ekainaren 30ean egindako hauteskundeetan De Otra Manera (DOM) hautagaitzan buru izan zen Jose Miguel Fernandez Sastron akusazio partikular gisa aritzea onartu zuen aurretik. DOM Teddy Bautista SGAEren presidente ohia zerrendaburu zuen CPAC hautagaitzari egin zion aurre.
Ruzek uztailaren 4an plazaratutako autoan epaileak jaso zuenez, hauteskunde horietan irregulartasun ugari izan ziren, auzi honetako inputatuetako batek, SGAEren sDae enpresa filialeko zuzendariak, Jose Nerik, Teddy Bautistaren CPAC hautagaitza ofizialistaren alde egin baitzuen.
Neri abuztuaren 3an irten zen Soto del Real herriko kartzelatik, uztailaren 4an jarri zioten 300.000 euroko bermeari aurre egiteko banku-abala aurkeztu ondoren.