Gizartea -
Epailearen autoaren arabera
SGAEko ustelkeria sarea Nerik 'antolatu' zuen, eta Bautistak 'onartu'
Pablo Ruz epaileak espetxera bidali du ustelkeria sareko ustezko burua, Jose Neri, baina 300.000 euroko bermea ezarri dio.
Erredakzioa
SGAEn jazotako ustezko diru desbideratzea Jose Neri filial digitaleko buruak "antolatu" zuen, baina Teddy Bautista erakundeko presidenteak "onartu eta sustatu" egin zuen, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak bart kaleratutako auto batean adierazi duenez.
Epaileak espetxera bidali du ustelkeria sareko ustezko burua, Jose Neri, baina 300.000 euroko bermea ezarri dio ateratzeko. Hain zuzen ere, bidegabeko jabetzea, iruzurrezko administrazioa egitea eta delitu sozietarioa egotzi dizkio.
Ruzek neurri berbera ezarri dio Rael Ramos Microgenesis sozietateko buruari, baina haren kasuan bermea 150.000 eurokoa da. Sozietate hori diru desbideratzea egiteko sortutako enpresa sarearen "gailurra" dela dio epaileak.
Bien bitartean, Neriren emaztea, Maria Antonia Garcia Pombo, eta Eva haren ahizpa aske geratu dira, baina hainbat delitu egotzita, igandean Bautistarekin, Enrique Loras SGAEko zuzendariarekin, Ricardo Azcoaga finantza zuzendariarekin eta Celedonio Martin Microgeniseko langilearekin gertatu bezala.
Autoaren arabera, egiaztatu ahal izan dute Nerik sortutako enpresa sare batek onurak lortu zituela SGAE taldeko erakunde batzuekin (besteak beste sDae eta Portal Latino aipatzen ditu) kontratazio esklusiboak eginez, eta hori "diru-iturri bakarra" izanda.
sDaeren kasuan, "ez du inoiz langilerik kontratatu", eta batik bat Microgenesisekin azpikontratuak egin ditu. Enpresa hori auzipetuen "interesen menpe" zegoen eta haren lagunek eta senideek kontrolatzen zuten.
Epailearen esanetan, Nerik protagonismoa zuen arren, SGAEko zuzendaritza jakinaren gainean zegoen, eta Bautista, Loras eta Azcoaga aipatu ditu.