Itxi

kultura

Gaztelugatxe

Martxan da Gaztelugatxe Kultur Ondasun izendatzeko prozesua

EITB.EUS

Babes-proposamenak bere balio historiko-arkitektonikoak eta paisajistikoak nabarmentzen ditu, eta azpimarratu egiten du arkitekturaren eta naturaren artean dagoen sinbiosia.

  • Gaztelugatxe

    Gaztelugatxe. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Gaztelugatxe Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeari hasiera emateko ebazpena, Kultura Paisaia kategoriarekin. Une horretatik aurrera, jendaurrean jartzeko 20 eguneko epea irekiko da, alegazioak aurkezteko. Alegazioak ebatzi ondoren, halakorik balego, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onartuko du Gaztelugatxe kultura-ondasun izendatzea, ondare-balioa aitortuz eta segurtasunez kontserbatuko dela bermatuz.

Enklabe hau Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeak beste urrats bat eman nahi du bere errekonozimenduan eta babesean, "bere balio historiko-arkitektonikoagatik ez ezik, bere paisaia-balio material eta immaterialengatik ere".

"Lekua, edertasun handiko paisaia-ingurune baten zati da, eta nabarmentzekoak dira itsasertzaren ikuspegiak zubiaren bi aldeetara: ekialdera badia, Gaztelugatxe eta Aketx uharteak ageri dira, eta mendebaldera itsaslabarrak, Bakioko bistetan txertatzen diren harkaitz-azaleratzeekin. Gaztelugatxe kokagunearen berezitasuna arkitekturaren eta paisaia naturalaren arteko sinbiositik dator", nabarmendu du babes-espedienteak. Gaztelugatxek orain arte ingurumenari lotutako babes bat eduki du, Eusko Jaurlaritzaren 1998ko irailaren 15eko dekretuz babestutako biotopoa baita.

Ildo horretan, arkitekturaren eta naturaren arteko harremana nabarmentzen da: "Eraikuntzak paisaiarekin lotzen dira, bi modutan: integrazio bidez, zubiaren eta sarbidearen kasuan; eta kontraste bidez, uhartetxoaren profila nagusi den eraikuntzen silueta artifizialen kasuan. Bi kasuetan arkitektura eta naturaren arteko elkarrizketa harmonikoa ezartzen da". Bere balio immaterialen artean, "aberastasun handiko tradizioak, batez ere izaera erlijiosokoak" nabarmentzen ditu proposamenak.

Funtsezko balioak

Babes-espedientearen arabera, Gaztelugatxeko kultura-paisaiaren funtsezko balioak dira garrantzi berezia ematen dioten eta zaindu behar diren balio materialak eta immaterialak. Alde batetik, kultura-paisaiaren funtsezko balio materialak arkitektura- eta paisaia-izaerakoak dira.

Bestalde, kultura-paisaiaren funtsezko balio ez-materialak "toki- eta eskualde-nortasunean garrantzi eta sustrai berezia" duten kultura- eta erlijio-adierazpenek osatzen dituzte, eta iraganeko gertaeretan eta Gaztelugatxerekin lotutako sinesmenetan sustraituta daude.

Horiek babesteari begira, Gaztelugatxe bi gunetan mugatzen du espedienteak. 1 Eremua, ondare-balio handiena duena, uharteak eta haren espazio eta elementu eraikiek osatzen dute, baita hurbilen dauden sarbide-espazioek ere. 2 Eremua ondasunaren inguruko paisaia-balioak babesteko helburuarekin mugatu da; izan ere, balioa gehitzen diote, batez ere itsasertzeko paisaiari, uhartetxotik ikus daitekeenari. Gune horretan, gainera, Gaztelugatxeren ondare immaterialari lotutako interes kulturaleko zenbait elementu sartzen dira, hala nola, Urizarretako zelaia edo Begoñako Ama Birjinaren urpeko erreprodukzioa.