kultura
Jabetze bidegabea egotzita
Teddy Bautistaren bulegoko zuzendari ohia atxilotu dute
Erredakzioa
Ustez SGAEren kreditu-txartel bat iruzurrak eginez erabili duelakoan atxilotu dute Pedro Farré López. Luxuzko prostituzioa ordaintzeko erabili zuen txartela, erakundearen esanetan. Aske utzi dute.
Pedro Farré López SGAEko harreman korporatiboetako eta Eduardo Bautistaren bulegoko zuzendari ohia atxilotu du ostiral honetan Guardia Zibilaren UCO unitateak, jabetze bidegabearen delitua egotzita. Guardia Zibilak jakitera eman dutenez, SGAEren kreditu-txartel baten iruzurrezko erabilerarekin zerikusia duelakoan atxilotu dute, eta, SGAEk berak azaldu duenez, luxuzko prostituzioa ordaintzeko erabili zuen txartela.
Guardia Zibilaren aurrean deklarazioa egin ondoren, aske geratu da Pedro Farré López, baina Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean berriz deklaratu beharko du astelehenean. SGAEren kudeaketan izandako ustezko irregulartasunak argitzeko helburua duen 'Saga Operazioa' ikertzen du Ruz epaileak.
SGAEk ohar batean jakitera eman duenez, ''erakundeak berak salatu zuen egoera, Guardia Zibilaren aurrean''. Barne ikerketa batean ''erakundearen ondasunen benetako erabilera ezkutatzeko'' bere gastuen berri ematean ''kontzeptu faltsuak'' aurkeztu zituela ikusi omen zuen erakundeak.