Itxi

kultura

Planeta Saria 2020

Eva Garcia Saenz de Urturik irabazi du Planeta Saria, 'Aquitania' eleberriarekin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Idazle gasteiztarrak azaldu duenez, "Erdi Aroko thriller bat da 'Aquitania', 'Arrosaren izena'ren omenez egindakoa".

3:09
Eva García Sáenz de Urturi. Argazkia: EFE

Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarrak irabazi du 2020ko Planeta Saria, 'Aquitania' eleberriarekin.

Santiago Shelby izengoitiarekin aurkeztu zen lehiaketara eta bere lanari "Gerraren azken eguna" fikziozko goiburua jarri zion.

Garcia Saenz de Urturik azaldu duenez, "Erdi Aroko thriller bat da 'Aquitania', 'Arrosaren izena'ren omenez egindakoa". "Gerora Europa izango denaren sorrerako tronu-jokoa ere bada", erantsi du.

Saria koronabirusarekin hil diren pertsona guztiei eskaini die, eta ondokoa adierazi du: "Kulturaren mundua bizirik aterako da pandemia honetatik, eta betiko moduan, aurrera egingo du".

Garcia Saenz de Urturik 2012an argitaratu zuen bere lehendabiziko eleberria: 'Urte askokoen saga'. Bi urte geroago kaleratu zuen lan horri jarraipena emango zion liburua: 'Adanen semeak'.

2016an publikatu zuen zinema-aretoetara eraman duten 'Hiri zuriaren isiltasuna'. Haren ondotik iritsi ziren 'Uraren errituak' eta 'Denboraren jaunak' liburuak, hiri zuriaren trilogia osatuz.