Itxi

kultura

Argazkilaritza

Aitor Garmendia argazkilaria, World Press Photo sarietarako izendatuta

Natxo Velez | EITB Media

Euskal argazkilariak Espainiako txerri haztegietan egindako argazki sorta nazioarteko sariaren Ingurumen ataleko saria irabazteko aukeratuen artean dago.

  • “Espainiako txerri industriaren barruan: Europako txerrien fabrika”

    “Espainiako txerri industriaren barruan” saileko ale bat. Argazkia: Aitor Garmendia / Tras los Muros

World Press Photo (WPP) irabazi asmorik gabeko erakunde independenteak apirilaren 15ean argazkilaritza sari ospetsuak irabazteko hautagai diren lanen zerrenda kaleratu du, eta Aitor Garmendia animalien askapenaren aldeko euskal argazkilariaren izena irakur daiteke bertan.

“Espainiako txerri industriaren barruan: Europako txerrien fabrika” saila aukeratu dute WPP sarietan, Ingurumen atalean; hain zuzen ere, Garmendiari dagoeneko Pictures of the Year International sarietan aintzatespena ekarri dion argazki sorta.

Argazki horiek egiteko, animalien kontrako indarkeria aztertzen duten hainbat ikertzailerekin elkarlanean jardun du Garmendiak, Espainiako 32 txerri-haztegitan, eta, horietan, “abere industriaren estandarrei jarraituta gauzatzen den indarkeria estrukturalaren ondorioak berretsi eta dokumentatu ditut”, azaldu du Garmendiak.  

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Garmendia, eta oihartzun nabarmena jaso dute bere ibilbidean zehar irudi bidez, besteak beste, Mexikon, Erresuma Batuan eta Espainiako Estatuan jaso eta kontatu dituen istorioek.

Garmendiaren argazki ikusgarriek txerri- eta ahuntz-haztegietako eta zezenketetako indarkeria, eta ehizaren aurkako ekintzaileen sabotajeak erakutsi dituzte orain arte, esaterako.

“Ezustea”

Garmendiak “ezustean” hartu du izendapena, posta elektroniko bidez esan digunez: “Kalitate maila oso altuko lanak daude, eta oso pozik nago honek ikusgaitasuna emango baitio sailak hizpide duen gaiari”.

Salatzea helburu duen argazki sail batek lortu duen oihartzunarekin ere oso pozik agertu da Garmendia: “Animalien esplotazioak –eta ez naiz ari animalien aurkako tratu txarren kasu jakin batzuez, baizik eta esplotazio sistematiko eta instituzionalaz– nekez aurkitzen du bozgorailurik hedabideetan. Beraz, aitorpen garrantzitsua da hau, ez bakarrik gaiarentzat beretzat, ezpada itzalpean haztegiak eta hiltegiak ikertzen diharduten pertsonentzat”.

Beste ikerketa batzuetan lanean ari da jada Garmendia, eta azpimarratu du gizartea horrelako informazioaren gose dela. “Horrela erakusten du europarrek animalien ongizatearekin duten jarreren berri ematen duen Eurobarometroak, eta abere industriak trabak jartzen dizkio eskubide horri. Kazetariak bere instalazioetan aske sartzea galarazten dute. Horregatik, animalien eskubideen aldeko ekintzaileak modu klandestinoan sartu behar dira edo kamera ezkutuak jarri behar dituzte bertan”, azaldu du.