Itxi

kultura

Urtebete zendu zela

Joan Mari Torrealdai omenduko dute uztailaren 30ean, Andoainen

N. V. | EITB Media

Iaz pandemiaren erruz egiterik izan ez zen omenaldiak bi zati izango ditu: Torrealdai zenaren obra aztertzeko jardunaldiak goizean eta omenaldi ekitaldia arratsaldean.  

  • Joan Mari Torrealdai (1942-2020)

    Joan Mari Torrealdai (1942-2020)

Urtebete da Joan Mari Torrealdai idazle, ikertzaile eta euskaltzaina zendu zela, eta lehenago egin nahi izan zioten eta osasun egoerak eragotzi zuen omenaldia uztailaren 30ean egingo diote gertukoek azkenean, Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen.

Goizean, 10:00etatik aurrera, hainbat adituk Torrealdairen obra eskerga aletuko dute. Jakin aldizkariaren 240. zenbaki monografikoan egin zuten bezala, lau hizlarik beste hainbeste ikuspegitatik azalduko dute Torrealdairen lana Andoainen bildutakoen aurrean: euskalgintza (Dabid Anaut), prentsa (Imanol Murua), zentsura (Lourdes Otaegi) eta liburugintza (Xabier Eizagirrek hartuko du hitza oraingoan, aldizkarian Garazi Arrulak landu zuen esparruaz jakingarri zenbait emateko).

Jardunaldiak gela itxi batean izango direnez gero, bertaratzeko interesa dutenek izena eman behar dute, aforoa zaintze aldera; jakin@jakin.eus helbidea eta 943 218 042 telefono zenbakia dituzte irekita horretarako.

Omenaldi ekitaldia

Arratsaldean, berriz, omenaldi ekitaldia egingo diote Torrealdairi, Martin Ugalde kultur parkearen erdialdeko zelaian. Xabier Eizagirre Jakin-eko kideak azaldu digunez, musika, hitzaldiak eta bertsoak tartekatuko dituzte, ordu erdi inguruko ekitaldian.

Mikel Urdangarinek kantu pare bat eskainiko du bertan, eta Manex Torrealdai Joan Mari zenaren semea izango du lagun horietako batean; Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolariek kantatuko dute; eta, besteak beste, Lorea Agirre Jakin-en zuzendariak eta Garazi Torrealdai Joan Mariren alabak hartuko dute hitza.