Gizartea -

Biografia

Joan Mari Torrealdai, euskaltzalearen borrokaren eta bizinahiaren eredua

Euskaltzaina, soziologoa, kazetaria eta idazlea zen Joan Mari Torrealdai. Egunkaria kasuan jasandako torturen ondorioz sortutako minbiziaren aurkako borroka izan zuen urte luzez Foruko euskaltzaleak.

Joan Mari Torrealdai Gure Kasa saioan. ETBko bideo batetik hartutako irudia.
Joan Mari Torrealdai Gure Kasa saioan.
Joan Mari Torrealdai Gure Kasa saioan. ETBko bideo batetik hartutako irudia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) euskaltzain, soziologo, kazetari eta idazleak, euskarak jasandako erasoak eta zentsura izan zituen aztergai sarri. Euskaltzain urgazle, euskaltzain oso eta euskaltzain emeritu izan zen. Baita Jakin aldizkariko zuzendaria eta Euskaldunon Egunkariako kontseilari delegatua ere.

Arantzazuko santutegian ikasketa frantziskanoak egin eta Toulousen Teologian lizentziatu bazen ere, erlijio-ordena utzi zuen. Gerora, Parisen Gizarte Zientzietan (Soziologia) lizentziatu zen eta beranduago, Euskal Herriko Unibertsitatean, Informazio Zientzietan, non fakultateko lehen euskarazko doktorego tesia aurkeztu zuen: Euskal Telebista eta euskara.

Urte luzez Jakin aldizkariko zuzendari izan zen, bi arotan, 1964etik 1969ra eta 1977tik Lorea Agirreri 2014ean lekukoa eman zion arte.  

Euskararen mundua izan zuen aztergai bizitza osoan eta euskal hizkuntzaren inguruko lan ugari argitaratu zituen: Euskal idazleak, gaur (1977), XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1993), El libro negro del euskera (1998), Asedio al euskera. Más allá del libro negro (2018) eta De la hoguera al lápiz rojo, besteak beste.

Euskararen eta euskal kulturaren defentsan, kritikotasunez heldu izan dio beti Torrealdaik euskararen eta komunikabideen alorrari: "tesia egin nuenean gerora gertatu dena baino esperantza handiagoa nuen, ETB2k ETB1 indartzera eta osatzera etorri behar zuen, eta ez dut ikusi hori gertatu denik", adierazi zuen ETB1eko Gure Kasa saioan.

Euskara estandarraren defendatzaile sutsua ere izan zen Torrealdai, eta horrela adierazi zion Xabier Madariagari Ur Handitan saioan: "Herri normalizatu bat izan nahi badugu, kultura bat behar dugu, edizio bat behar dugu, aldizkari batzuk behar ditugu, komunikabide batzuk behar ditugu… ezin dugu pentsatu bakoitzak bere euskararekin […] euskaldun zaharrek eta euskaldun berriek ulertuko duten hizkuntza bat behar dugu".

Bere bizitzako pasarte beltzenak Egunkaria kasuarekin du zerikusia. Euskaldunen Egunkariako kontseilari delegatua zela, 2003ko otsailaren 20an, Guardia Zibilak atxilotu egin zuen Egunkariako beste kide batzuekin batera.

Sobera ezagunak diren torturak jasan zituen atxilo zen bitartean eta aske utzi zuten. 2010ean epaileak absolbitu zituen Torrealdai eta kasuan auzipetutako gainerakoak.

5 urte pasa zituen "tortura" hitza erabili ezinda, 2008an erabili zuen lehen aldiz EiTBko saio batean. Ordutik hamaika aldiz hitz egin zuen Guardia Zibilaren eskuetan jasandakoaz eta sarritan salatu zuen ez zitzaiela biktima gisa aitortu.    

Baionan egindako nazioarteko konferentzia batean, 2015ean, minbizia zuela iragarri zuen eta gaitza torturekin zuzenki lotuta zegoela adierazi zuen. Garazi Torrealdaik, bere alabak, Euskaldunon Egunkariaren itxiera, 15 urte dokumentalean adierazi zuen Joan Mari Torrealdaik, torturekin, mina eta beldurra barru barruraino sartu zizkiotela esaten zuela. Hezur-muineko minbizia izan zen diagnostikatu ziotena. Dokumental berdinean, Imanol Querejetak, Joan Mariren psikiatra, bide beretik doazen adierazpenak egin zituen: "Nik nolabait aurreratu nion, izan ere, trauma edo estres kronikoaren ondorioa gaitz fisikoak izaten dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Bizkaiko albisteak Nafarroako albisteak Iparraldea EAE Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Espainiako literaturaren albisteak Euskararen Erret Akademia Kazetaritza albisteak