kultura
HERIOTZA
Noah Gordon idazle estatubatuarra hil da, 95 urterekin
AGENTZIAK | EITB Media
Idazle honen lanen artean daude bestseller bihurtu diren asko eta asko, tartean, 'Medikua', 'Azken judutarra' edo 'Errabino'.
-
Noah Gordon idazle estatubatuarra. Artxiboko argazkia: EFE
Noah Gordon idazle estatubatuar ezaguna hil da bart, 95 urte zituela, bere familiak ohar labur baten bitartez iragarri duenez. Bere ibilbidean zehar hainbat eta hainbat liburu idatzi ditu, tartean, bestseller bihurtu diren Medikua, Azken judutarra edo Errabino.
95 urte bete berriak zituen azaroaren 11n.
Familiak nabarmendu duenez, Noah Gordonen bizitzak eta lanak mundu osoko milioika irakurleren bizitzak ukitu ditu. "Bere lanak bizirik jarraitzen du", dio familiaren ohar laburrak.
Bostongo Unibertsitatean kazetaritzan lizentziatua, kazetari lanetan aritu zen buru belarri eleberriak idazteari ekin aurretik. Literatura arloan Medikua lanarekin iritsi zitzaion aitortza. Medikuaren atzetik etorri ziren trilogia osatu zuten Xamana eta Cole doktorea. Amaren aldetik jatorri judua zuen eta Espainian XV. mendean jazotako gertaera historikoak berreraikitzen dituen Azken judutarra argitalpenarekin ere arrakasta lortu zuen. Bere lan guztien artean, ordea, Errabino izan zen Ameriketako Estatu Batuetan arrakasta izan zuen bakarra. Hain zuzen ere, 26 astez egon zen New York Timeseko salduenen zerrendan 1965ean.
Euskal Herriko irakurleek ere bere lana saritu zuten eta bi urtetan, 1992an eta 1995ean, Zilarrezko Euskadi saria (Donostiako Liburu egunean gehien saldutako liburuaren saria) irabazi zuen, Medikua eta Xamana liburuengatik, hurrenez hurren.