Itxi

kultura

Itsuentzako artea

Ukitzeko moduko artea

EITB Media

Guggenheim museoak "Idi-bihotzak" eskulturaren maketa aurkeztu du, pertsona itsuentzako errepliken artean bosgarrena. Museoarekin eta ONCErekin hitz egin dugu itsuentzako arteaz eta irisgarritasunaz. Biak ala biak bat datoz esatean artea zentzumen bakarretik baino haratago doala.

  • "ulipanak" eskulturaren maketa.

    "ulipanak" eskulturaren maketa. Argazkia: EFE

Nola aurkeztu artelanak pertsona itsuei? Zein bitarteko erabili kalitatezko esperientzia bermatzeko? Zer behar eta jakin-min ase behar dira? Galdera horietatik abiatzen dira museoak, galeriak eta artistak artea ahalik eta irisgarriena eta inklusiboena izateko.

Guggenheim museoak duela ez asko aurkeztu du Jeff Koons eskultorearen "Idi-bihotzak" obraren erreprodukzio bat, museoaren erreplika-kolekziorako beste pieza bat; "Puppy", "Ama", "Zuhaitz handia eta begia" eta Guggenheim eraikinaren beraren maketak daude bertan.

Museoak lehen unetik erabaki zuen maketak izango zirela artea pertsona itsuei gerturatzeko "lerro nagusiena". Rogelio Diez Mantentze Lan eta Instalazioetako arduradunak azaldu du ONCErekin bildu zirela "kasik museoa ireki zenetik", haren aholkularitzarekin batera, guztientzako irisgarritasun unibertsala lortzeko.

Ana Davila ONCEko Afiliatuen Gizarte Zerbitzuetarako buruak azaldu du aholkatzen dituzten entitateekin duten "helburu amankomuna" dela bisita guztiak irisgarri egitea pertsona itsuentzat. "Garrantzitsua da ukitzea, baina jakin behar dugu kolore desberdinak dituztela tulipanek, ez direnak ukimenarekin hautematen. Artelana gida batekin osatu behar da", gehitu du. ONCEk braillera transkribatu ditu testuak, eta museora bisitak antolatuko ditu.

Tentu handiz aditzea

Testuaz gain, Davilak azpimarratu du zer-nolako garrantzia duen ez soilik obrak ukitzeak, baita ahalik eta ondoen ulertzeak ere; itsu batentzat garrantzitsua da informazioa zentzumen bat baino gehiagotik etortzea: "Audiogidetan pertsona itsuentzako kanal espezifiko bat jartzen saiatzen gara, ohikoena ez bada ere". Deskripzioa egiteaz gain, espazioaren erreferentziak ere izaten dituzte halakoek. "Informazio osagarria da. Ez dakit tulipanen koloreaz hitz egingo duten, petaloen eta koloreen ordenaz", adierazi du Davilak.

Diez artelanen audiodeskripzioekin lanean jarraitzeko asmoez aritu da. Aurretik, museoaren kanpoaldeko lanen audioak eginda daude. "Berriro ekin nahi diogu proiektuari, audioak aberastuz; erreminta oso egokiak dira", azaldu du.

Bisitari bat erliebedun koadro bat ukitzen. Argazkia: ONCE

Bisitari bat erliebedun koadro bat ukitzen. Argazkia: ONCE

Audioen garrantzia frogatzeko saiakera batean, Davilak gordeta zuen koadro bat atera du. Mozorro batekin, esperimentua hasi du. Iluntasun osoa; ez da ezer ere ikusten. Koadro laukizuzen bat, hondoan mihise testuraduna duena. Erliebedun lerro batzuk beheko ezkerreko muturretik goiko eskuineko muturrerantz doaz. Borobil formadun erliebea dago bertan; apur bat beherago, bi zirkulu txiki, erdian puntu batekin. Bi testurek inguratzen dituzte lerroak: bata leuna da; bestea, belusatua.

Hondoa zerua ote? Borobila, ilargia? Davila koadroa deskribatzen hasi: "Mihisean guztiz biluzik dagoen neska gazte bat dago, ikuslearen parean. Etzanda dago". Goyaren "Maja biluzia". "Ukimenak esperientzia zabaltzen du, baina ezinbestekoa da informazio osagarria ere izatea", gehitu du.

Ukitze ahalik eta antzekoena

Guggenheimeko maketen kolekzioa ukitzeko diseinatuta dago; museoak eskaintzen dituen bisita ukigarrietan ikus daitezke. "Idi-bihotzak" eskulturaren erreprodukzioa obra originala ukitzeko ezintasunagatik egin dute. "Idi-bihotzak eskultura ezin da ukitu, ezta bisita ukigarrietan ere. Hatz-markak uzten dituen altzairu leunduz dago eginda; eskularruekin ukitu ahalko litzateke, baina grazia guztia galduko luke, ezta?", Diezen ustez.

Forma ez ezik, artelan horren erreplikan jatorrizko materiala errespetatu da, gainerako besteetan bezala. Loreak imitatzen dituen azala "Puppy"-renarentzat; "Ama"-ren brontze, marmol eta altzairu landua; museoaren kanpoaldeko titanioa; "Zuhaitz handia eta begia"-ren altzairu landua. Oraingoan, metalezko hauts batekin, tulipanen petaloak 3D teknologiarekin inprimatu dira, materiala "ahalik eta antzekoena" izateko.

Halako lanen helburua "heztea eta gozatzea" da. "Horretarako mekanismoak eskaini behar dira; bisitari bakoitzak errealitate desberdin batekin egiten du topo, eta gai izan behar gara errealitate horren zatiren bat behintzat guztiengana heltzeko", azpimarratu du Diezek. Davilak hitz bakarrean laburbildu du ONCEren egitekoa: "Inklusioa".