Itxi

kultura

Euskara sustatzeko helburua

Lehendakaria: 'Euskarak eta adostasunak bat egiten dute plan berrian'

Erredakzioa

Euskararen Aholku Batzordeak Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria onartu du asteazken honetan. Guztira 330 ekintza biltzen ditu, euskararen erabilera bultzatzeko.

  • Patxi Lopez lehendakaria. EFE

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu du asteazken honetan Euskararen Aholku Batzordeak, Lehendakaritzan egin duten bileran. Guztira, euskararen erabilera bultzatzeko helburua duten 330 ekintza biltzen ditu planak.

Patxi Lopez lehendakaria izan da bilera horretan, eta euskarak ''batu'' egiten gaituela azpimarratu du, ''euskarak eta adostasunak bat egiten dutelako''.

Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakitera eman duenez, plan berri horrek jarraipena emango dio azken 12 urteotan euskararen normalizazioan eta hizkuntza politikan erreferente nagusia izan den Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari.

''Ezagutzaren eremuan oraindik ere urrats sendoak egin behar diren arren, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murritzeko bidean, planaren helburu nagusia euskararen erabilera indartzea izango da'', testuak jasotzen duenez.

Horretarako, 330 ekintza proposatzen ditu plan berriak, 16 esparru hauetan lantzeko: familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, gune geografiko euskaldunenak, arlo sozio-ekonomikoa, aisia eta kirola, liburugintza, kulturgintza, publizitatea, corpus-plangintza eta euskararen kalitatea, hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, sentsibilizazioa eta motibazioa, barruko proiekzioa, eta, azkenik, kanpoko proiekzioa.