Itxi

Zinemaldia

Sail Ofiziala

Penelope Cruz, izar distiratsua Zinemaldian

Erredakzioa

Bi aldiz aldatu du arropa ordubetean, Berriz jaiotzea Sergio Castellito zuzendari italiarraren filma aurkezteko. 'Pertsonaiak hala eskatuta'' itxuraldatzeko beldurrik ez duela esan du.

00:51
Penelope Cruz Zinemaldian da jada

Penelope Cruz izarra da astearte honetan Donostiako Zinemaldian. Zinemaldiko alfonbra gorrira itzuli da aktore ezaguna, distira propioarekin. Bi aldiz aldatu du arropa ordubetean, bertan bildutako jarraitzaileen eta prentsaren aurrean agertzeko. Dudarik gabe, Pe dugu gaur protagonista nagusi Zinemaldian.

60. edizio honetan, Zilarrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango da Penelope Cruz. Berriz jaiotzea Sergio Castellito zuzendari italiarraren ekoizpena aurkeztu du aktore ezagunak, eta lana ''erronka polita'' izan dela esan du. ''Zertxobait ikaratzen ninduen. Gemma emakume bera zen, baina bizitzako aro ezberdinetan. Hizkuntzaren erronka ere bazegoen, protagonistak italieraz eta ingelesez (baina italiar kutsuarekin) hitz egiten duelako. Baina, zailtasunak beti beso zabalik hartzen ditut'', esan du Penelopek elkarrizketa batean.

''Ez dit beldurrik ematen itxuraldatzeak, paperak eskatzen duen neurrian: itsusiago, zaharrago... Baina ez nago prest gaixotzeraino argaltzeko edo loditzeko, hainbat aktorek egiten duten moduan. Hori ez'', azaldu du.

Bere alderdik politikoena

Filma aurkezteko egin duen prentsaurrekoan, bere alderik politikoena erakutsi du aktore ezagunak. Zinemaren industriak jasan dituen murrizketekin kezkatuta dagoen arren, Penelope Cruzek esan du hezkuntza dela gehien kezkatzen duena, ''hezkuntzarik gabe ez dagoelako etorkizunik''.

"Beldur handia ematen didate hartzen ari zenbait erabakik, eta ez bakarrik zinemaren arloan. Hezkuntzarekin gertatzen ari dena negargarria da'', gaineratu du. Kulturaren sektoreak bizi duen egoerari buruz galdetuta, Penelopek erantzun du ''sektorea inoiz baino bateratuago'' egon behar dela.