Zinemaldia
Alfonbra gorria
Zinemaldiko izarren soinekorik ikusgarrienak
A. A.
Monica Bellucci izan da dotoreenetako bat, eta Penelope Cruzek Hollywoodeko glamour-a ekarri du. Gainera, Maribel Verduk eta Inma Cuestak ere Donostiako Zinemaldiko apaintasunaren isla izan dira.
-
Monica Bellucci aktore italiarra, Donostiako Zinemaldian. Argazkia: 201227/09/2012 12:59
Donostiako Zinemaldiak glamour-a ekarri du, beste behin, hirira. Egia da Zinemaldiaren estiloa arinagoa dela, Hollywoodeko edo Veneziako zinemaldietan harribitxi gehiago ikusi ohi direla, eta artisten alde "kaletarra" ikusteko aukera izaten dugula Donostian. Dena den, ekitaldi ofizialetarako, jantzi dotoreak aukeratzen dituzte, soineko xumeak baina dotoreak. Orain arte, Monica Bellucci izan da ikusgarrienetako bat, baina, zalantzarik gabe, bakoitzaren gustuen araberakoa da hori.
Galtza eta alkandora beltzak eta berenjena koloreko belusezko jaka bat jantzita iritsi zen italiarra Donostiara. Zinemaldira etorri diren aktore gehienek bezala, Bellucci eguzkitako betaurrekoekin agertu zen. Fasle Kargadan Bahman Ghobadik zuzendutako pelikularen aurkezpenean ere beltzez jantzi zen. Jantzirik ikusgarriena alfonbra gorrian erakutsi zuen italiarrak. Belluccik parpailazko soineko gris bat jantzi zuen, eta urteen joanarekin hobetzen den ardo horiek bezalakoa dela frogatu zuen berriz ere.
Aurtengo Zinemaldiko beste protagonista nagusietako bat Penelope Cruz izan da. Soinean galtza beltzak eta bordatu zuriak zituen jaka bat zituela jaitsi zen Maria Cristina hotelera eraman zuen autotik. Berriz jaiotzea pelikula aurkezteko, berriz, loredun soineko estu bat aukeratu zuen madrildarrak, eta bikain zegoela adierazi zuten bertan izan zirenek. Hala eta guztiz ere, Peneloperen apusturik ziurrena alfonbra gorrian eraman zuen soineko gorria izan zen. Gorria beti izan ohi da Cruzentzako kolore aproposa.
Susan Sarandonek eta Catherine Deneuvek txanponaren bi aldeak erakutsi dizkigute, jantziak aukeratzeko trebetasunari dagokionez. Sarandonek ohiko estiloari jarraitu zion, eta eskote handikoa izan arren dotorea zen soineko ubel bat jantzi zuen. Richard Gereren ondoan, bikote bikaina egiten zuen. Catherine Deneuvek berriz, ez zuen asmatu. Suge baten azalaren koloreak zituen soineko bat, zapi beltz bat eta jantziarekin bat ez zetorren poltsa bat aukeratu zituen Dorre lerroa Valeria Sarmient zuzendariaren filmaren emanaldirako.
Barbara Goneaga itsusi ikustea zaila izaten da, baina hasiera ekitaldirako jarri zioten soinekoak ez zuen edertzen. Gainera, arraro samarra zen. Goenagaren ondoan, Cayetana Guillen Cuervo, soineko beltz nahiko xume batekin, ikusgarri ez egon arren, txukun gelditzen zen. Hala eta guztiz ere, Maribel Verduk eta Inma Cuestak lortu dute Donostiako Zinemaldiaren apaintasunaren isla izatea.
Errazagoa al da gizonentzat?
Gizonezkoen jantziek hobeto ezkutatzen dituzte akatsak. Hala ere, ustekabeak izan daitezkeen arren, aurtengo Zinemadian ez da halakorik izan. Benicio del Torok, adibidez, ez dio bere orrazkera ezari uko egin, baina Donostiatik trajearekin eta korrika egiteko zapatilekin alde egiteak aho zabalik utzi gaitu.
John Travolta beltzez jantzi da Zinemaldiko ekitaldietarako, baina kezkagarriena aktoreari gelditu zaion aurpegi bitxia da. Beharbada, estilista aldatu baino lehenago, kirurgialaria aldatu beharko luke Travoltak.
Azkenik, aipamen berezia merezi du Jean Rochefort aktoreak, galtza horiak eta tirante berdeak ipinita hain itxura hunkigarria lortzeagatik.