Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Azoka 2012

Egun bat gutxiago, baina egitarau zabalagoa

Durangoko Azokako zortzi guneak sendotuko dira aurten, egitarau zabalarekin, Aiert Goenaga Azokako zuzendariak jakinarazi duenez.

01:33
Durangokoa, liburu eta disko azoka baino askoz gehiago da

Durangoko Azoka abenduaren 6tik 9ra egingo dute aurten. Aurreko urteetan baino egun bat gutxiago izango du, baina 300 ekitaldi inguru antolatu dituzte, zortzi gunetan: Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia, Areto Nagusia, Kabi@, Saguganbara (Haur Literatur Txokoak izen hori izango du aurrerantzean), AzokaTB eta Plateruena (aurten lehen aldiz Azokako gune bezala hartuko dute).

Iaz zabaldutako guneen indartu nahi dutela nabarmendu dute Gerediaga elkarteko antolatzaileek. Horrela, Irudieneak, Kabiak eta Szenatokiak ekitaldi gehiago hartuko dituzte "jauzi kualitatibo nabariaeskainiz. Ahotsenea, adibidez, gaueko 22:00ak arte izango da zabalik Azokako lau egunetan. Irudienea 20:00ak arte izango da zabalik eta aurtengo ikusentzunezkoen nobedadeen erakuslehio izango da. Gainera, 3Dtako lehen euskal pelikula estreinatuko dute bertan. Gainera, bideoklipak eta film laburrak izango dira, besteak beste, eta protagonistek bertatik bertara aurkeztuko dituzte. Szenatokiak bere presentzia nabarmen handituko du. San Agustin Kultur Gunean, antzerki maratoiak izango dira lehen hiru egunetan, hainbat konpainiak 15 minutuko erakustaldiak eskainiz. Kabi@ teknologia berrien eta Interneteko proiektuen gunean "Euskal Wikipediaren elikatze masiboa" egingo da, Aiert Goenaga Azokako zuzendariak esan duenez. Gainera, Tranxmedia proiektua ere aurkeztuko dute, ostegunean 14:30ean.

Kultur ijitoa izango da aurten kultura gonbidatua eta Kale Dor Kayiko elkarteak presentzia zabala izango du, Manuel Vizarraga elkarteko presidenteak jakinarazi duenez. Romanó hizkuntza eta beraien kultura Azokara hurbiltzen saiatuko direla gaineratu du, eta bertaratzen direnei ijitoen kulturara hurbiltzeko gonbita egin die.

Plateruena aretoa (Landako gunearen alboan dago) Azokako beste gune bat izango da aurten. Sortzaileek (musikariek gehienbat) beraien lanak aurkeztuko dituzte lehen aldiz Plateruena Kafe Antzokian. Areto nagusian, ohikoa den legez, hitzaldiak eta aurkezpenak izango dira. Haur Literatur Txokoak Saguganbara izena hartuko du aurten eta umeek eta gazteek literaturara hurbiltzeko aukera izango dute. Gainera, Jolasak eta filmak izango dira.

AzokaTB EITBk, Goienak eta HamaikaTBk elkarlanean sortutako ekimena da. Landakoko pantaila erraldoian zein streaming bidez jarraitu ahal izango da bertan gertatzen dena eta aurten lehen aldiz, Euskal Herriko hainbat tokiko telebistatan ikusi ahal izango da zuzenean. Gainera, Ahotseneako kontzertu eta aurkezpenak ere zuzenean eskainiko dira eitb.com-en.

Areto nagusian hainbat liburu aurkezpen izango dira, tartean Juan Jose Ibarretxerena, Kirmen Uriberena, Patxi Zabaletarena, etab. Gainera, kultura gonbidatuarekin lotutako hainbat hitzaldi eta aurkezpen izango dira.

Irudienean, 3Dtako lehen euskal filma estreinatuko dute (ostiralean, 12:00etan eta igandean, 18:00etan) eta hainbat film labur eta bideoklip izango dira ikusgai, protagonistekin (Miren Amurizak eta Asier Altunak "Bertsolari" aurkeztuko dute eta Jon Maia eta Angel Oiarbide "Gazta zati bat" lanaren proiekzioan izango dira). Mahai-ingurua ere izango da, "Bikoizketa vs. Azpitituluak" izenburupean.

Szenatokiak antzerki maratoia eskainiko du, ordu erdiko saioak goizez eta arratsaldez. Bereziki programatzaileei zuzendutako emanaldiak izango dira, baina publiko orokorrarentzat ere interesgarria suertatu daiteke. Euskal konpainia nagusiek lan berriak aurkeztuko dituzte.

Kabi@ gunean Tranxmedia proiektua aurkeztuko dute (ostegunean, 14:30ean) eta ipuin kontalari inprobisatua izango da. Ostiralean, 11:00etatik aurrera, eskoletako ikasleek idatzitako milaka artikulu igoko dira euskarazko Wikipediara. Gainera, Sei2012 sarien banaketa egingo da, euskarazko Interneteko ekimenei sariak.

Ahotsenean sortzaileen azken lanen aurkezpenak izango dira: Eraso!, Zuloak, Goienetxe anaiak, Lauroba, Seiurte, Xabi San Sebastián, Larregi, Willis Drummond, Gose, Seiren, Balerdi Balerdi, Enkore eta Anai-Arrebak taldeak izango dira, besteak beste.

Saguganbaran, Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira (ostegunean, 12:00etan) eta ijitoen tailerrak izango dira. Hainbat argitaletxeren nobedadeak aurkeztuko dira eta ipuin kontaketa saioak izango dira, ilustrazio tailerrez gain.

Plateruenan hainbat kontzertu izango dira, azaroaren 30ean hasita: Willis Drummond eta Joseba Irazoki, Bizardunak, Vendetta, Gau Ijitoa (txalaparta, bertsolaritza eta kultura ijitoa uztartuko dituen lana), Betagarri eta Kherau taldeak izango dira.