Itxi

Oscarrak 2024

94. edizioa

"CODA"k ezustekoa eman du Oscar sarietan

N. V. | EITB Media

Jane Campionek irabazi du zuzendari onenaren Oscar saria “Txakurren atzaparrak” filmagatik, Will Smithek gizonezko aktore onenarena “Rikardo erregea” lanean egindako lanagatik eta Jessica Chastainek emakumezko aktore onenarena “Tammy Fayeren begiak” filmeko paperagatik.

0:44
Gala de los premios Oscar. Imagen: Agencias

"CODA" filmak ezustekoa eman du Oscar sarietan, Los Angelesen egindako galan. Film onenaren, gidoi egokitu onenaren (La Famille Bélier 2014ko frantziar pelikula baten remake-a da) eta bigarren mailako gizonezko aktore onenaren (Troy Kotsur) sariak irabazi ditu. Gorren familia batean hazi den neska baten istorioa kontatzen du filmak.

Apple TV+ plataformak (AEBn erabiltzaile askorik ere ez duen plataforma da, eta, ondorioz, litekeena da film onenaren Oscarra jaso aurretik inoiz ikusle gutxien izan dituen filma izatea "CODA", sarien historian) 25 milioi dolarrean erosi zuen "CODA" (ingelesez, "pertsona heldu gorren seme-alabak" sintagmaren akronimoa), Sundanceko jaialdian saria irabazi eta gero, eta ekoizleen, aktoreen eta gidoigileen sindikatuen sariak ere irabazi berri ditu pelikulak aurreko asteetan.  

Aktore gehienak pertsona gorrak dira, eta ekoizleek eskerrak eman dituzte saria jasotzeko orduan, "familiari eta maitasunari buruzko pelikula bat" aukeratzeagatik.

Zuzendari onenaren Oscar saria Jane Campionek irabazi du "Txakurren atzaparrak" filmagatik, Will Smithek, gaueko protagonistak, gizonezko aktore onenaren saria eraman du "Rikardo erregea" lanean egindako lanagatik eta Jessica Chastainek emakumezko aktore onenaren saria jaso du "Tammy Fayeren begiak" pelikulan egindako paperagatik. 

Bigarren mailako aktore onenaren saria Ariana DeBosek bereganatu du "West Side Story" filmean egindako lanagatik.

Gidoi egokitu onenaren saria, esan bezala, "CODA"rentzat izan da, eta jatorrizko gidoi onenarena "Belfast" Kenneth Branaghen pelikularentzat.

"Gidatu nire autoa" film japoniarrak irabazi du atzerriko film onenaren Oscar saria.

Sari gehien, sei, "Dune" zientzia-fikziozko klasikoaren Denis Villeneuveren egokitzapenak jaso ditu, sail teknikoetan. 

Will Smith, Chris Rocki zaplazteko eta guzti, protagonista izan duen erasoa gorabehera (estatubatuar aktoreak "Txakurren atzaparrak" filmak maisuki irudikatzen dituen maskulinitate toxikoen adibide garbia pantailaratu du bere jarrerarekin eta ondorengo hitzaldi negargarriarekin), galak hainbat une gogoangarri utzi ditu, hala nola Francis Ford Coppola, Robert de Niro eta Al Pacinoren bidez "Aita jauna"ri eta John Travolta, Uma Thurman eta Samuel L Jacksonen bitartez "Pulp fiction"i egindako omenaldiak.

Hunkigarria izan da, halaber, Lady Gaga eta Liza Minnelli agertokira "CODA" filmari saria emateko agertu diren unea.