Itxi

Oscarrak 2024

96. edizioa

"Oppenheimer" beste guztien gainetik, Oscar sarietan

N. V. | EITB Media

Christopher Nolanen filmak zazpi sari irabazi ditu bart, tartean film eta zuzendari onenenak. "Robot dreams" Pablo Berger bilbotarraren filmak ezin izan du bereganatu animaziozko film onenaren saria.  

0:44

"Oppenheimer"ek, Christopher Nolan zinemagileak Robert Oppenheimer estatubatuar fisikariari egindako erretratuak, kritikari guztiek ezarria zioten faborito papera berretsi du bart Dolby Theatre Los Angeleseko antzokian, Oscar sarien 96. edizioaren galan.

Bonba atomikoa sortu zuen zientzialariaren inguruko filmak zazpi sari irabazi ditu guztira, tartean film onenarena, gizonezko aktore protagonista onenarena (Cillian Murphy) eta zuzendari onenarena (Christopher Nolan).

Pablo Berger zuzendari bilbotarrak ezin izan du animaziozko film onenaren Oscarra irabazi, "Robot dreams" beraren filma izendatuta bazegoen ere, eta Hayao Miyazaki animazioaren maisu japoniarrak eraman du saria sail horretan.

"Oppenheimer"en nagusitasunak ez die tarterik utzi urteko beste pelikula nabarmen batzuei, eta "Barbie"k (Greta Gerwig) abesti onenaren saria baino ez du irabazi (ezerezean gelditu da zinemako sarien denboraldiaren aurretik bi film hauen artean Barbenheimmer izenarekin han-hor-hemen iragartzen zen lehia gogorra), "Poor things"ek (Yorgos Lanthimos) hiru, "The zone of interest"ek (Jonathan Glazer) bi eta "Anatomie d'une chute"k (Justine Triet) bakarra.

"Oppenheimer"ek  beste guztiak azpiratu ditu

Christopher Nolan ingeles-estatubatuarrak lehenengoz jaso du zuzendari onenaren Oscar saria, zortzi aldiz izendatuta egon ondoren, Steven Spielbergen eskutik jaso ere: "Pelikulek 100 urte baino apur gehiago dituzte. Ez dakigu nora doan bidaia harrigarri hau, baina honen guztiaren zati garrantzitsua naizela sentitzea sekulakoa da niretzat", adierazi du.

Cillian Murphy aktore irlandarrak, bestalde, "bakearen alde ari direnei" eskaini die gizonezko aktore protagonista onenaren saria: "Bonba atomikoa sortu zuen gizonari buruzko pelikula bat egin genuen, eta, zorionez edo zoritxarrez, Oppenheimerren munduan bizi gara; beraz, bakearen alde borrokatzen direnei eskaini nahiko nieke sari hau", esan du Murphyk.

Film, zuzendari eta gizonezko aktore protagonista onenen ataletan ez ezik, "Oppenheimer" nagusi izan da soinu banda onenaren (Ludwig Göransson), argazkilaritza onenaren (Hoyte van Hoytema), editatzen onenaren (Jennifer Lame) eta bigarren mailako gizonezko aktore onenaren (Robert Downey Jr.) sailetan ere.

"Poor things"ek eutsi egin dio

Emakumezko aktore protagonistaren saria Emma Stonek lortu du, "Poor things" pelikulagatik; bigarren Oscarra du bere ibilbidean. Yorgos Lanthimosen filmak beste bi sari sari irabazi ditu bart, halaber: ekoizpen diseinu onenarena James Price, Shona Heatheta Zsuzsa Mihalekentzat, eta ile-apaintze onenarena Mark Coulier eta Robert Hammondentzat.

1:25

Bigarren mailako emakumezko aktore onenaren saria Da'Vine Joy Randolphek irabazi du "The holdovers" filmean (Alexander Payne) egindako lanagatik.

Jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria Justine Triet eta Arthure Hararik irabazi dute "Anatomie d'une chute" frantses filmarengatik, eta gidoi egokitu onenarena Cord Jeffersonek eraman du "American fiction"en egindako egokitzapen lanarengatik.

"The zone of interest"

"The zone of interest" britainiarrak, Auschwitzeko kontzentrazio esparrua zuzentzen duen komandante baten eta haren familiaren egunerokoa erakusten duen pelikulak, irabazi du atzerriko film onenaren saria, baita soinuarena ere, Tarn Willersek eta Johnnie Burnen lanari esker.

Antzoki barruan eduki politiko gutxi izan duen galan, hain zuzen ere holokaustoari buruzko film baten zuzendariak bakarrik hitz egin du esplizituki Ekialde Hurbileko egungo gatazkari buruz.

"Pelikulak agerian uzten du deshumanizazioak gure alderik txarrena erakusten duela, eta gure iragan eta orainean ikus dezakegu hori", esan du Glazerrek Bad Bunny puertorricarraren eskutik saria jaso eta berehala.

"Nola urriaren 7ko erasoaren biktimak hala Gazaren aurkako egungo erasoarenak, denak ere izan dira deshumanizazio honen biktimak, nola egingo diogu aurre?", erantsi du zuzendariak.

"Robot dreams", esku hutsik

"Robot dreams" Pablo Berger bilbotarraren filmak ezin izan du animaziozko film onenaren Oscar saria irabazi. Sail horretako Oscarra "The boy and the heron" Hayao Miyazaki mitikoak Studio Ghibli estudiorako zuzendu duen ekoizpenarentzat izan da.

Dokumental onenaren saria "20 days in Mariupol" lanarentzat izan da. "Seguru asko, lehen zuzendaria izango naiz agertoki honetara igo eta esango duena nahiago izango zukeela pelikula hau inoiz egin ez izana, Oscar hau aldatuko nukeela Errusiak Ukrainari inoiz eraso ez izanaren truke", adierazi du Mstyslav Chernov Ukrainari inoizko bere lehen Oscarra eman dion filmaren zuzendariak.

Zortzi izendapenen ondoren, Wes Andersonek lehenengoz irabazi du Hollywoodeko Akademiaren sari bat, film labur onenarena, "The wonderful story of Henry Sugar" pelikulagatik.

Jatorrizko abesti onenaren saria "What was I made for?" Billie Eilishek eta Finneas O'Connellek "Barbie" filmerako sortu zuten kantuak eraman du. Hau izan da "Barbie" Greta Gerwigek zuzendu duen filmak irabazi duen golardo bakarra, zortzi izendapen bildu eta gero.

Zorte okerragoa izan dute Martin Scorsesek eta Bradley Cooperrek. "Killers of the flower moon" Scorseseren pelikula hamar ataletan zegoen izendatuta eta ez du alerik eskuratu, eta "Maestro" ere esku hutsik joan da, zazpi saritarako hautagai bazen ere.