Zinema
Saria
Arteen Asturiasko Printzearen Saria, Michael Hanekerentzat
Austriar zuzendariak, 'Amour' lanaren egileak, Arteen 2013ko Asturiasko Printzearen Saria jasoko du. Carlos Acosta koreografo kubatarrari gailendu zaio bozketan.
-
Michael Haneke Oscar sarietan. Argazkia: EFE
Michael Haneke austriar zuzendariak Arteen Asturiasko Printzearen 2013ko Saria eskuratu du. Haneke Carlos Acosta koreografo kubatarraren aurretik gelditu da epaimahaikideen bozketan, sariak ematen dituen fundazioak jakinarazi duenez.
Atzerriko film onenaren Oscar saria eskuratu zuen azken edizioan 'Amour' lanagatik, eta Cannesko zinemaldian Urrezko Palma eskuratu zuen, film beragatik.
Alemaniar jatorriko gidoilari eta zinema-zuzendari austriarrak 1970an hasi zuen ibilbidea, zuzendari independente gisa. Zineman, antzerkian eta telebistan lan egin du, eta hainbat sari jaso ditu. Estetika espresiboa eta probokatzailea erabiltzen du, eta horrek eztabaida sortu du askotan.
Arteen Asturiasko Printzearen Sariak zinema, antzerki, dantza, musika, argazkilaritza, margolaritza, eskultura, arkitektura eta beste arte adierazpenetan parte hartzen duten egileak aitortu nahi ditu, eta "gizadiari ekarpen kultural nabarmena" egiten diotenak saritu. Hanekek Joan Miroren eskultura bat -sariaren sinboloa-, 50.000 euro, diploma bat eta bereizgarri bat jasoko ditu, urrian, Campoamor antzokian egiten den ekitaldi batean, Felipe printzea aurrean dela.