Itxi

Zinema

61. edizioa

'Futbolin' Campanellaren filmak irekiko du Zinemaldia

Erredakzioa

2013ko Zinemaldiko hasierako galan, 'Futbolin' animaziozko filma eskainiko dute. Campanella saridun zuzendari argentinarraren filmak arrakasta handia erdietsi du Argentinan.

  • Zinemaldia estreinatuko duen Campanellaren 'Futbolin' filmeko irudia.

    Zinemaldia estreinatuko duen Campanellaren 'Futbolin' filmeko irudia.

Irailaren 20an hasiko den Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioaren hasierako galan, Futbolin animazio-filma eskainiko dute. Juan Jose Campanellaren pelikularen nazioarteko estreinaldia egingo dute Gipuzkoako hiriburuan, lehiaketatik kanpo.

Futbolin joan den hilean estreinatu zuten Argentinan, Metegol izenarekin, hala deitzen baitiote han mahai-futbolari. Dagoeneko milioi bat ikusle baino gehiago erakarri ditu zinema-aretoetara, eta, lehen asteburuan, argentinar film batek inoiz izan duen estreinaldirik arrakastatsuena lortu zuen.

Amadeo, filmaren protagonista, herri txiki batean bizi da. Taberna batean lan egiten du, beste inor baino hobea da mahai-futbolean jolasten eta Laurarekin maiteminduta dago, hark ez dakien arren. Amadeoren errutina sinplea erabat aldrebestuko da munduko futbolari onena izendatu duten gazte bat herrira itzultzen denean, bizitzan jasan duen porrot bakarragatik mendeku hartzeko prest.

Juan José Campanella El niño que gritó puta (1991) lehen lanarekin egin zen ezagun nazioartean. Haren atzetik, beste izenburu batzuk etorri ziren: Y llegó el amor (1997), El mismo amor, la misma lluvia (1999), El hijo de la novia (2001), atzerriko filmik onenaren Oscar sarietarako izendatua, eta Luna de Avellaneda (2004). 2009an, Donostiako Zinemaldiaren 57. edizioko Sail Ofizialean lehiatu zen, El secreto de sus ojos filmarekin; azken lan honek atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen 2010ean, baita hispanoamerikar film onenaren Goya saria ere. Futbolín, zuzendariak lehenengoz erabili du 3D-ko animazioa.

Espainia eta Argentinaren arteko koprodukzioa da, eta 3-D estereoskopikoan filmatu dute.