Itxi

Zinema

Sail Ofiziala

François Ozon Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da berriz

Erredakzioa

2012ko Urrezko Maskorraren irabazlea ez ezik, Bille August, Mia Hansen-Løve, Christian Petzold, Michaël R. Roskam, Shim Sung-bo eta Michael Sturminger ere egongo dira Urrezko Maskorrerako bidean.

1:21

Bille August, Mia Hansen-Løve, François Ozon, Christian Petzold, Michaël R. Roskam, Shim Sung-bo eta Michael Sturminger zuzendariak Jon Garaño eta Jose Mari Goenagari (“Loreak”), Alberto Rordiguezi (“La isla mínima”) eta Carlos Vermuti (“Magical Girl”) batuko zaizkio Urrezko Maskorrerako lehian. Horiez gain, lehiatik kanpo, “Lasa eta Zabala” (Pablo Malo), “Murieron por encima de sus posibilidades” (Isaki Lacuesta) eta “The Equalizer” Denzel Washington Donostiara ekarriko duen filma egongo dira jaialdiko atal nagusian.

Datorren astean iragarriko dituzte irailaren 19tik 27ra Zinemaldiko Sail Ofizialean izango diren gainerako filmak.

Michael Sturminge austriarrak "Casanova variations" aurkeztuko du. John Malkovichek gorpuzten du, bertan, inoizko seduktorerik handienaren mitoa, Casanovarena, hain zuzen.

Michaël R. Roskam flandiarrak, Hollywooden egindako debutean, "The Drop" aurkeztuko du. Dennis Lehane idazlearen eleberri bat egokitu du, eta Tom Hardy, Noomi Rapace eta James Gandolfini ditu protagonista: Gandolfinik zinemarako egin zuen azken lana da.

Mia Hansen-Love zinemagile frantsesak “french house” musikaren historia kontatzen du "Eden" lanean. Musika elektronikoa abiadura bizian garatu zen 1990eko hamarkadan, Parisko gau bizietan; Paul DJ lanetan hasiko da orduan.

Shim Sung-bo zinemagile hegokorearrak "Hameu" bere lehen filma eramango du Donostiara. Benetan jazotako itsas abenturak oinarri dituen kontakizuna da. Legez kanpoko etorkinak garraiatzen dituen arrantza ontzi baten ahaleginek sekulako hondamendia eragingo dute, tripulazioa erotzerainoko hondamendia, hain zuzen.

François Ozon zinemagile frantsesa, 2012an Urrezko Maskorra irabazi ondoren, "Une nouvelle amie / The new girlfriend" pelikula berriarekin itzuliko da Zinemaldira. Txikitatik elkarren adiskide diren bi emakumeren arteko istorioa kontatzen du. Biak ezkonduko dira, eta batek haurtxo bat izango du. Handik gutxira, amak gaixotasun larria izango du, eta lagunari agintaraziko dio haurra eta senarra zainduko dizkiola.

Christian Petzold zuzendari alemanak "Phoenix" filma aurkeztuko du, Nina Hoss protagonista duena berriz ere. Emakume bat aurpegia erabat desitxuratuta duela itzuliko da kontzentrazio esparru batetik, eta kirurgialari ospetsu bati eskatuko dio aurpegia atzera itxuratzeko, ahal den neurrian lehengo tankera bera hartzeko. Operazioaren ostean, bere onera etorritakoan, bere senar pianistaren bila hasiko da, baina ez du espero zuena topatuko.

Azkenik, Bille August zinemagile daniar sonatua"Stille hjerte / Silent heart" drama intimista eramango du Donostiara. Familia bateko hiru belaunaldi asteburu batez elkartu dira. Sanne eta Hedidi ahizpek onartu dute hilzorian den beren amak bizitzari agur esatea, egoerak okerrera egin aurretik, baina, asteburua igaro ahala, gero eta zailago egingo zaie amaren erabakia onartzea, eta garai bateko gatazkak azaleratuko dira.