Zinema
Kazetari eta kritikariak
Itziar Aizpuru, antzeztaldeko emakumezko aktore onena Feroz sarietan
Erredakzioa
Estatuko zinema prentsaren sariak banatu dituzte bart Madrilen. Dramaren atalean, “La isla mínima” hautatu dute lan onena, eta, komediaren atalean, “Carmina y amén”.
“La isla mínima” (Alberto Rodríguez) eta “Carmina y amén” (Paco León) izan dira garaile Feroz Estatuko zinema kazetariek ematen dituzten sarietan, film dramatiko onenaren eta komedia onenaren sailetan hurrenez hurren.
Espainiako Zinemagintza Kazetarien Elkarteak ematen dituen sarien bigarren edizioaren gala Madrilen egin dute bart, Gran Ruedo Las Ventas Madrilgo antzokian.
Elkarteko 170 kazetari eta kritikariek Alberto Rodriguezi berari eman diote zuzendari onenaren saria, eta, guztira, bost sari eraman ditu “La isla mínima” bere pelikulak. Goya sarietarako, lan hori da faborito nagusia.
Gaueko ezusteko nagusia “Carmina y amén” Paco Leonen bigarren filmak eman du, urteko komediarik onena izan baita zinemako kazetarien aburuz. Oso hunkituta jaso du saria Leonek, eta komediaren garrantzia aldarrikatu du, “genero txikitzat hartuta badago ere drama baino urrunago hel daitekeelako”.
Emakumezko aktore onenaren saria Barbara Lenniek jaso du “Magical girl” lanagatik. Lau sari eraman ditu Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen pelikulak.
Itziar Aizpuru, antzeztaldeko emakumezko aktorerik onena
Gizonezko aktorerik onena Javier Gutierrez izendatu dute, “La isla mínima” filmean egindako lanagatik hori ere, eta antzeztaldeko aktoreen “itzal handia” hartu du gogoan, bereziki "Alex Angulorena, eta horiei eskaini die. Antzeztaldeko emakumezko aktorerik onena Itziar Aizpuru izan da, “Loreak” ETBren parte-hartzea duen filmean egindako lanagatik, eta publikoak zutik hartu du iragarpena.
Atal horretan, baina gizonezkoen artean, Jose Sacristanek irabazi du saria, “Magical Gril” pelikulan egin duen paperagatik.
Jatorrizko musika onena Julio de la Rosak “La isla mínima” lanerako idatzirikoari iritzi diote, eta film horrek berak irabazi du trailer onenaren saria. Kartelik onena, berriz, “Magical girl”ena izendatu dute.
Ohorezko Feroz saria Carlos Saura zinemagilearentzat izan da, eta Feroz sari berezia Lois Patiño “Costa da Morte” lanaren egileak eraman du.