Itxi

Zinema

Oscarretarako bidean

Oscarretarako bidean, AEBra iritsi da 'Loreak' filma

O.A. | EITB.EUS

Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma datorren azaroaren 5era arte ikusgai izango da New Yorkeko Paris Theatre zinema aretoan. Azaroaren 27an Los Angeleseko aretoetan estreinatuko dute.

1:47

Loreak filma, atzerriko film onenaren Oscar sarietarako 81 hautagaietako bat dena, AEBra iritsi da ostiral honetan eta azaroaren 5era bitartean ikusgai izango da New Yorkeko Paris Theatre zinema aretoan.

Oscar sarietako ekitaldia otsailaren 28an izango da Los Angeleseko Kodak antzokian eta bertan ezagutaraziko dira aurtengo film irabazleak, baita atzerriko film onenarena ere. Hala ere, sarietarako bidea luzea eta zaila da; izan ere, bost filmak lortuko dute finalista izatea. Aurrez, abenduan, hurrengo fasera igaroko diren pelikulak ezagutaraziko dira.

Hori dela eta, filma AEBetan ezagutzera emateko eta kritika onak jasotzeko bidea hasi dute Loreak pelikularen arduradunek. Music Box Films etxeak egingo du euskal filmaren banaketa AEBn; eskarmentua du lan horretan, izan ere, iazko saridun Ida filmaren banaketa eta promozioa ere egin zuen.

Helburu horren baitan kokatzen dira datozen egunetarako AEBn antolatutako estreinaldiak eta emanaldiak.

Filma ikusgai izango da New Yorken urriaren 30etik azaroaren 5era bitartean (bost saio egunean) Paris Theatre zinema aretoan, eta ondorengo egunetan AEBko beste hainbat txokotara ere helduko da: Washingtonera (azaroak 6), Filadelfiara (azaroak 20) eta Los Angelesera (azaroak 27), besteak beste.

Azaroaren 16an AMPASeko (Academy of Motion Picture Arts and Sciences) kideentzat saio ofiziala izango da Los Angelesen eta, egun batzuk geroago, azaroaren 27an Los Angeleseko aretoetan estreinatuko dute.

strong>.